Kultur etxea herriko modaren erakusleiho bilakatuko dute hilaren 23an

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mar. 13a, 11:15

Aterpea merkatari elkarteak antolatuta, herriko hainbat estetika, jantzi eta osagarri dendek parte hartuko dute moda desfile batean. Kultur etxean egingo dute hilaren 23an. Gonbidapenak leihatilan lortzeko aukera izango da ekitaldia hasi baino lehen.

Moda pasarela bilakatuko da beste behin Manuel Lekuona kultur etxea. Arropa, osagarri eta orrazkeren alorrean herriak duen eskaintza zabalaren erakusgarri izango da Aterpeak antolatutako moda desfilea. Prestaketan, Lasarte-Oriako Udalaren sozio-ekonomia departamentuak eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren laguntza izan dute.

Hilaren 23an egingo dute saioa, 18:00etan hasita. Sarrera gonbidapen bidezkoa da. Gehienak "agortuta" badaude ere, gelditzen direnak kultur etxeko leihatilan eskuratu ahal izango dira egunean bertan, 17:00etatik aurrera.

Iazko estreinakoz egin zuten jarduera berreskuratu egin du merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak biltzen dituen elkarteak. "Gure burua erakutsi eta establezimenduetan dugunaren berri emateko modua da", laburbildu zuen Aterpeako lehendakari Ramon Ormazabalek. Ekimena elkartearentzat "garrantzia handia duenetakoa" dela aitortu zuen, eta eskerrak eman zizkien laguntza eman dieten erakundeei. Baita ekitaldian aurkezpenean alboan izan zituen elkarteko kideei ere. Izan ere, haiek izango baitira oholtza gainean eta atzean lanean arituko diren establezimentuetako arduradunak.

Bost bat hilabete daramatzate desfilea prestatzen. Ormazabalen ustez ahalegina "oso interesgarria izan da, gremio oso bestelakoak direlako, baina modari dagokionean koordinatuta daude". Ikuskizuna izatea nahi dute, jendea gustura egotea; baina helburu nagusia, Lasarte-Orian bizi, Lasarte-Orian erosi leloak barnebiltzen duen hori da. "Jendeak ikus dezala herrian aukera duela behar duen produktu hori erosteko".

Ildo beretik, Nuria Fernandez zinegotziak eskerrak eman zizkien dinamizazioarengatik, eta Jesus Zaballos alkateak ere hainbat sektore batzearen garrantzia nabarmendu zuen, "sinergiak sortzen ditu herriko merkatarien artean". Halaber "oso ekimen dibertigarria" dela adierazi zuen, eta parte hartzera animatu zituen herritarrak. Aterpeako kideen lanak "agerian uzten baitu oso merkatari onak direla". Aurten ilea mozten utziko ez duela ohartarazi zuenez, tindatzea proposatu zioten, baina " horrenbestera ez naiz ausartzen".

Partaideak:

- Ileapaindegiak:

  • Ana gizonezkoen ileapaindegia
  • Marian Olaizola
  • Marbell

- Moda

  • Alba moda
  • Merceria Olmi
  • Mabel moda
  • Imagine jantzi denda

- Oinetakoak

  • Calzados Leder
  • Iturbe zapata denda

- Loreak

  • Ormazabal loradenda

- Kolaboratzaileak

  • Optica Irigoyen
  • Bizker Impresion Digital
  • Escuela Amaia Gonzalez Caballero