Errekor eta domina ugari Buruntzaldea IKTko igerilarientzat

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mar. 11a, 17:28

Irunen jokatutako Gipuzkoako Neguko Saria eta Maialen Chourraut kiroldegian egindako Neguko Gipuzkoako txapelketan lehiatu dira igerilari gazteak.

Junior eta absolutu mailako Gipuzkoako Neguko Saria Irungo Azken Portu kiroldegian jokatu zuten. Guztira, 16 klubetako, 92 mutilek eta 113 neskak parte hartu dute. Horien artean, Buruntzaldea IKTko sei igerilari aritu ziren; Unai G. Somovilla eta Nerea Santos infantilak absolutu mailan, Leire eta Ainhoa Martin junior eta absolutu mailan, Mikel Esnal eta Eneko Elizasu.  

Emaitza onak erdietsi zituzten seiek, baita podiumera igo ere. Hain zuzen ere, bederatzi urrezko domina, zilarrezko lau, eta brontzezko hiru eskuratu zituzten. 

- Leire Martinek hiru urre eta zilar bat lortu zituen. Urreak junior eta absolutu mailako 200 bular proban, 200 bizkar proban eta 300 lau estiloetan. Zilarra, berriz, junior mailako 400 librean. 

- Nerea Santosek absolutu mailako 1.500 librean urrea eskuratu zuen. 

- Ainhoa Martinek junior eta absolutu mailako 100 lau estiloetan urrea eskuratu zuen, zilarra, berriz, 100 librean, eta bi brontze, junior 200 librean eta 400 librean. 

- Mikel Esnalek absolutu mailako 50 tximeletan zilarra eskuratu zuen, eta brontzea, 50 bizkar proban. 

Horrekin batera, gainera, hemeretzi marka pertsonal, taldeko zazpi errekor berri eta Euskadiko 16 urteko erreko berri bat ere lortu zituzten. Hain zuzen ere, Leire Martinek 400 lau estilotan, 4:55,85 marka eginda. Halaber taldeko 16 urteko eta absolutu mailako errekor berria ere bada. Ainhoa Martinek, berriz, 100 libreko eta 100 lau estiloetan 16 urteko eta absolutu mailako taldeko errekorra egin zuen.

Goenaga, Martinez eta Irigoras, herrian

Herrian aurrera eraman zuten Neguko Gipuzkoako Txapelketan, berriz, 13 klubetako 73 neska eta 46 mutil lehiatu ziren. 

Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuan infantil, junior eta absolutu probak jokatu zituzten, horien artean, Unax Goenaga, Yaiza Martinez eta Garazi Irigoras igerilariek. 

Goenagak 200 librean eta lau estiloetako proban parte hartu zuen. Bietan marka pertsonala hobetu zuen, laugarren eta hirugarren amaituta, hurrenez hurren. Ondo aritu bazen ere, ez zuen Udako Gipuzkoako Txapelketarako gutxienekoa lortu.

Garazi Irigoras, aldiz, 50 eta 100 tximeletan aritu zen. Lehenengoan, marka pertsonala eta brontzea eskuratu zituen, bigarrenean, berriz, zilarra kolkoratu zuen.

Azkenik, Martinez laugarren izan zen 100 librean eta marka pertsonala lortu zuen. 100 metro lau estiloetan, aldiz, sigarren sailkatu zen.

Espainiako eta Euskal Herriko Neguko Txapelketak, asteburuan

Asteburu honetan, bi zita garrantzitsu izango dituzte Buruntzaldea IKTko igerilariek. Batetik, Nora Imaz eta Aintzane Sarobe Gijonen izango dira 14tik 17ra bitartean, Infantil mailako Espainiako Neguko Txapelketan. Bestetik, Mikel Esnal, Leire eta Ainhoa Martin, Nahia Zudaire eta Unai G. Somovilla Iruñan jokatuko duten Euskal Herriko Neguko Txapelketan lehiatuko dira.