Maratoia prestatzeko, maratoi erdiak egin

Maitane Aldanondo 2019ko mar. 7a, 18:24
Javier Zatarain

Arantxa Zapata herritarrak lasterketa ugari egiten ditu urtearen buruan. Berezienetako bat asteburuan osatu du. Zehazki, Najeratik Santo Domingo de la Calzadara Done Jakue Bidearen tartean egindako maratoi erdia. Zaragozako maratoia du buruan

Errioxako Najeratik Santo Domingo de la Calzadara doan Done Jakue Bidearen zatian antolatutako maratoi erdia jokatu zuten asteburuan. Bertan izan zen Arantxa Zapata herritarra, lehenengoz parte hartu zuen. Aurrez egina du Bidearen beste zati bat, baina "oso bestelakoa". Honen gogortasuna nabarmendu du, profil malkarra baitu. "Aldapa oso gogorrak ditu, bereziki 12. kilometrotik aurrera. Ia oinez amaitu nuen, nekatuta nengoelako eta aurretik kilometroak nituelako", aitortu du Zapatak.
Horri gehitu behar zaizkio beroa eta zoruaren egoerari lotutako zailtasunak. "Mendi bideetako harri artean korrika egitea sufrituagoa da, erraza da orkatila bihurritzea". Ezagun zaizkio egoera horiek, mendiko lasterketetan ibili izan baita, eta erritmoa jaistea erabaki zuen. Hala, 2:17:53 marka egin zuen.
Deigarria egin zitzaion ikusleen artean zegoen euskaldun kopurua, "aupa neska" esanda animatu zutenak. "Lasterketa oso oso polita da. Esperientzia berezia izan da".
Zaragozako maratoia du buruan. Iaz izena eman zuen, baina lasterketa bertan behera utzi zuten, Ebro ibaiak gainezka egin zuelako. Gordetako dortsala soinean jarriko du apirilaren 7an, eta hartarako prestatzen ari da. Astean bost egunetan entrenatzen du, behin distantzia luzeak egiten; maiz, asteburuetan maratoi erdi bat osatuta.

Bizikleta hartzeko gogoz
Ingurukotan aritu izan denez, "aldatzeko", gertu dauden beste batzuetara joatea gustatzen zaio.Edonola, egutegian dituen hurrengoak ordea, ondo ezagutzen ditu. Hilaren 17an UPV-EHUk antolatutako 10 kilometroko Udaberriko lasterketa egingo du, eta hilabete amaieran, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Urtean maratoi bat edo bi egiten ditu, "polita" iruditzen zaidan baten bat. Aragoikoaz gain, bere asmoa Donostiakoa beste behin egitea da. Iaz Valentziakoan parte hartu zuen, eta ezin zuen hura egin.
Triatloian ere ibiltzen da Zapata, baina ez du prestatzeko nahikoa denbora. Korrika aritzearen zale bada ere, bizikleta hartzeko gogoa du. "Aldatu nahi dut hankek atseden hartzeko". Ekainean Indurain zikloturismo proba egiteko asmoa du.