Cesare Maglioni: "Jada egunero jaten eta edaten dugu plastikoa"

Maitane Aldanondo 2019ko ots. 15a, 15:18

Dokumentalgileaz gain, ingurumen aholkularia ere bada italiarra. Naturaren zaintzak kezkatzen du eta bere lanetako askotan islatu du. Bizkaiko Golkoko itsas zaborrari buruzkoa dakar.

Harea, hondartza edota zigarro punta iradokitzen dizkio "hondar" hitzak Cesare Maglioni dokumentalgileari (Forli, Italia; 1977). Hareatza eta zabor ugari ikusiak ditu euskal kostaldean, eta kontzientziak astintzeko Hondar 2050 dokumentala egin du. Baionatik Areetara bidaia, plastikoaren arazoaz jabetzeko. Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloan proiektatuko dute astelehenean. Manuel Lekuona kultur etxea, 19:00etan.

Italiar bat Euskal Herrian, ingeniari bat ikus-entzunezkoetan. Nola egin zenuen batetik bestera bidea?

Hamabost urtez ingeniari lana egin ondoren, aldaketa bat nahi nuen; jendearekin eta naturarekin harremanetan egon. Ingurumen aholkularitza ikastaro bat egin nuen, eta amaierako lanerako elkarrizketak-eta bideoan jasotzea bururatu zitzaidan. Maitemindu egin nintzen lanbide honekin; eta dena uztea erabaki nuen, hizkuntza eta herrialdea aldatzea. Hala, Euskadira etorri nintzen orain hiru bat urte.  

Dokumentalak plastikoa du ardatz. Nola sortu zen proiektua?

Surflaria naiz, eta plastikoarekiko kezka aurretik banuen ere, 2017an hasi nintzen sakontzen. Uste nuen zaborraren gehiena garapen bidean dauden herrialdeetatik zetorrela, Latinoamerikatik edo Asia Hego-ekialdetik, eta hala da; baina hona etortzean ikusi nuen herrialde garatuagoetan ere badela zer ikasi. Hemengo ingurua, mendia, itsasoa, horren polita izanik, penagarria zait zenbaitek hala tratatzea. Dokumentala egitera animatu nintzen hainbat adiskidek lagunduta, bereziki, Óscar Tejedor dokumentalistak. 

Ahalegin horren emaitza da, halaber,  pasa den astean proiektatutako La Plastikería fikziozko film laburra.   

Biek erro bera dute. Finantzaketa kolektiboko kanpaina bat egin genuen Goteo.org eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta beharrezkoa zen sare sozialetan oihartzuna izatea, jendeak ekarpena egin zezan. Carlos Arrola dokumentaleko protagonistari bururatu zitzaion kalean zerbait egitea, han ere presente egoteko eta zuzeneko harremana izateko. Bakioko arrandegi bat hustu eta plastikoa jarri zuen salgai, modu sinbolikoan. Une horretan ez genuen film laburra egiteko asmorik, baina grabatzea erabaki nuen. Hala sortu zen La Plastikería. Hortaz, dokumentala gero etorri bazen ere, haren saihetsetik sortu zen. 

Biek 2050 urteko balizko horizonte beldurgarria dute hizpide. Zergatik?

NBEn txosten baten arabera, urte horretan arrain baino plastiko gehiago egongo da itsasoan. Dagoeneko plastiko asko dago munduan, eta esponentzialki ekoizten jarraitzen dugu. Mugarik gabeko kontsumo gizarte kapitalista batean bizi gara, eta uneren batean jabetu beharko dugu natura erakusten ari zaigun mugekin. Naturak ez gaitu behar, guk behar dugu; eta zaintzen ez badugu, sufrituko dugu. Jada, egunero jaten eta edaten dugu plastikoa. 

Bizkaiko Golkoan hartu duzu oinarri dokumentalerako. Zein da egoera?

Aldakorra da. Neguan grabatu nuen, gutxiago garbitu eta zabor gehiago dagoenean, itsasoa indartsuagoa delako. Horren politak diren San Juan de Gaztelugatxe edo Zumaia flyscha zaborrak erabat hondatuta agertzen diren irudiak ditut. Zurriolan, Kontxan edo Zarautzen, aldiz, garbitzaileak ia egunero pasatzen dira; beraz, jendea ez da konturatzen. Eta beste leku batzuetara gutxiago heltzen da itsas-korronteengatik, kostaren orografiarengatik… 

Nondik dator zabor hori?

Jende gehienak uste du ez dutela beraiek sortzen, munduko beste txoko batzuetatik, barkuetatik edo itsasotik datorrela; baina ez da hala. Bizkaiko Golkoan sortutako zaborraren gehiena bertan gelditzen da, eta kanpokoa ez da sartzen, Atlantikoak dituen korronteengatik. Beraz, euskal kostaldeko zaborra hemengoa da, askoz jota, Galizia edo Kantabriakoa. Eta ez da itsasoan sortzen, % 80 lurretik dator. 

Orduan, zein da arazoaren gakoa?

Jendearen ingurumen kontzientzia eza. Arazoa ez da plastikoa, arazoa gu gara. Ikusteko pintxo-potearen, inauterien edo festen ondoren osteratxoa egitea besterik ez duzu. Ohitura txarrak ere: gauzak lurrera botatzea, ez birziklatzea, hondakin ontzi horiaren arazoa… Kostan kalean lurrera botatakoa  maiz estolderiara edo itsasora doa garbitzaileak pasa baino lehen; eta lan ona egin arren, ezingo dute dena jaso.

Zein da zaborrontzi horiaren arazoa?

Heziketa falta. Jendeak uste du edozein edukiontzi bota daitekeela bertan, eta ondoren, bereizi egiten direla. Ez da hala. Botatako asko ezin da birziklatu. Espainiako agintariek hala egitea erabaki zuten errazago izan zedin, baina, herritarrek ez dute ikasten zehazki zer birzikla daitekeen eta zer ez. Europan ez da hala, ez da "edukiontzien zaborrontzia". Lauzpabost marrazki izaten dute bertan zer bota daitekeen jakinarazteko. Hala, herritarrak kontziente dira egiaz birzikla daitekeena oso gutxi dela. 

Datu esanguratsuak agertzen dira dokumentalean, esaterako, sortutako plastiko guztiak hemen nonbait jarraitzen duela. Jakitun al gara?

Ez dakigu zer egiten ari garen. Plastikoa material sintetikoa da eta ez doa inora. Mundu honetan ez dago nora bota, dena hemen gelditzen da. Sentsibilitate falta da. Aldatu egin beharko genuke pentsamolde hori: botatzen ari naizen hori beste zerbaitetarako baliabide izan daiteke, berrerabili, saldu... Edo ez erosi. Plastikozko botila beharrean, kantinplora erosi, metalez egindakoa eta birziklagarria. 

Arazoa konpon al dezakegu? 

Uste dut jendea orokorrean ona dela eta bere familia nahiz ingurua maite dituela; beraz, gauzak ondo egiteko beharrezko informazioa badu, egingo du. Zentzu horretan baikorra naiz. Edonola, sentsibilizazio eta kontzientziazio lan izugarria egiteke dago jendeak ohiturak aldatu eta errespetuz joka dezan. Haurrak, nerabeak eta gaztetxoak kontzientziatuago daude helduak baino; baina 20-25 urtekoek oso gutxi dakite eta oso gaizki jokatzen dute kalean.  

Zer egin dezakegu itsasoan dagoen zaborrarekin?

Hondakinen% 70 itsas hondoan daude eta hor geldituko dira. Milioika urtetan beste geruza geologiko bat bilakatuko dira, antropozenoarena, naturaren parte izatea ahaztu zuen gizakiarena. Sakoneran edo hainbat tokitan lurpean dagoena jaso ahal izatea oso zaila da.  

Eta gainerakoarekin?

Irtenbide asko daude, baina denak oinarritzen dira NBEk proposatutako eskeman: gutxitu, birziklatu, berrerabili. Birziklatzea ez da panazea, ez da irtenbidea, plastikoak hor jarraituko duelako.Gakoa murriztea da, ekoizteari uztea. Ez plastikoa bakarrik, guztia, baizik. Erosketa egiten dugunean kontzienteki egin behar dugu, ez zerbait saldu nahi digutelako; eta ontzia duena ez erosi. 

Norbanako gisa, zer egin dezakegu?

Egin dezakegun lehen gauza hondartza, herri edo mendi garbiketa batean parte hartzea da. Irtenbidea ez bada ere, sentsibilizatzen laguntzen du zaborrarekin eskuak zikintzeak. Modu aktiboan jasota, errazago barneratzen da. Aldaketarako lehen ekarpena da, nahiz eta aldaketa ez den azkarra. Gure esku dago, indar asko dugu.  Ezinbestekoa da lehenagoko erosketa ohiturak berrikastea; gauzak lehen ikusten genituen modu naturalago eta integralago batean ikustea.  

Eta arazoaren parte diren gainerako eragileek zer egin beharko lukete? 

Norberak bere esku dagoena egin behar du. Ez dago aitzakiarik. Industriak asko ekoizten du, baina erosleek eskatzen dutelako, bestela dirutza galduko bailuke. Supermerkatuko ur botilak erosteari utziko bagenio, industriak ekoizteari utziko lioke edo zonalde horretan saltzeari, behintzat. Horrez gain, jarrera politiko irmoa beharrezkoa da. Espainiak hartu dituen erabakiak oso ahulak eta lausoak dira. Bost zentimo kobratzea plastikozko poltsa alferrikako neurria da, ez du ez erostera sustatzen jendea. Debekatu egin behar da eta jendeari esan oihalezko, plastiko gogorrezko edo bestelako poltsak etxetik ekartzeko. Hainbatetan atzetik badago ere, Italiak orain dela 20 urte legez kanpo utzi zituen. Dendetan patata fekulaz egindakoak dituzte, doakoak.