Lasarte-Oriako hautagai sozialista, auzoak neurtzen?

Txintxarri

Orain dela gutxi, aukera izan nuen ikusteko Zaballos jaunak egindako aurkezpen bideoa, Lasarte-Oriako alkatetzarako hautagai gisa. Bideoan argi asko erakusten ditu Zaballos jaunak bere izaera eta nortasuna. Gomendatzen dizuet ikusi eta entzun dezazuela, helbide honetan: http://www.socialistasguipuzcoanos.com/lanoticia.php?quenoticia=896
Benetan harrigarria da hautagai sozialistak bere aurkezpenean hitzik ez esatea orain arte egin duenaz, edo datorren agintaldian egin nahi lukeenaz; horren ordez, bere mintzaldiaren pasarte gehienetan, oposizioaren ordezkariak iraindu besterik ez ditu egiten. Dirudienez, Zaballos jaunak ez du ezer positiborik eskaintzeko Lasarte-Oriarentzat, baina, hori bai, guztien aurrean ohartarazten gaitu zein gaiztoa den oposizioa, zein alferrak diren EAJko, Herritar Plataformako, Ezker Batuko eta oposizioko gainerako ordezkariak. Berak hala dio: horiek denak ez dute herriagan pentsatzen, ez lanik, ez ezer egiten; kea saldu besterik ez omen dute egiten. Okerrago oraindik: berak dioenez, oposizio manipulatzaile horrek ke pozoigarri bat sortu du, lasarteoriatarrek ikusi ez dezaten herriaren benetako egoera.
Ez, Zaballos jauna, pertsona heldu eta arduratsu batek ezin du horrela jokatu. Ez ibili bazterrak nahasten, lasarteoriatarrok inozoak bagina bezala. Benetan gertatzen dena da ez duzula ezer baliozkorik aurkezteko, alkatetzan daramazun urte bete eskas horretan, eta ez dakizula zer egin krisi egoeraren aurrean. Oposizioko ordezkariak neurtzen ibili gabe, udaletxean bazenuke zer egin, zure eraginkortasun eza ezkutatu ordez, lasarteoriatarrontzat ezer gutxi balio baitu horrek.
Xelebrea da zure hitzaldiaren amaieran azaldu nahi izatea, zu eta zure alderdia, herriak behar duen aire fresko eta berritzailea balira bezala. Zer esango dizut, nire ustez Lasarte-Oriako Udalak premia larrian du ate-leihoak ongi zabaltzea, aire freskoa sar dadin, barruan dagoen giro kutsatua berritu dadin erabat; baina, hori, hogeitaka urtetan udala iltzez eta giltzez itxita izan duzuenok, ezin duzue egin. Aire berritzailea beste alderdiok ekar genezake, baina, zuk, nekez egin dezakezu halakorik. Jarraitasun hutsa da zure eskaintza, berrikuntzatik oso urrun. Ezer berritzailerik egin nahi izatera, ez zinateke hasiko oposizioari beltzenak esaten. Zaballos jauna, norabide galduan zoaz.

Estitxu Alkorta (EAJren bozeramailea Lasarte-Orian)