ZRT Beltzak taldearen garaipen garestia

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 5a, 14:45
Prezio garestia ordaindu zuen Euskal Ligako 2. mailako ZRT Beltzak errugbi taldeak puntuak zakuratzeko, Michelinen atzo jokatutako norgehiagokan. 22 eta 5 hartu zuten mendean Gaztedi B taldea, baina Xabi Prieto herritarrak hilabete batzuk pasa beharko ditu jokatu gabe, peronea hautsi baitzuen jokaldi batean.

Prietoz gain, herriko beste zenbait jokalari ere aritu ziren atzoko norgehiagokan: Beñat Arroyo, Julen Aristorena, David Vega, Oihan Corchero eta Andoni Amonarriz. 

ZRT Beltzak taldeak hasieratik ekin zion partiduaren pisua eramateari, eta hirugarren minutuan erdietsi zuten lehenengo entsegua, 5-0ekoa ezarriz markagailuan. Etxekoek bikain kudeatu zuten tartea 80 minutuetan zehar, eta amaieran 22-5ekoa izan zen markagailua. Gauzak horrela, ezin hobeto ekin diote ligari, garaipena erdietsiz lehenengo jardunaldian. 

Aldageletara joan eta dutxa hartu ostean, bi taldeetako jokalariek hirugarren denbora egin zuten bolatokian. Indarrak berritu zituzten mokadu bat janez eta freskagarriak zein ura edanez.

Bien bitartean, indartsu jarraitzen du Ohorezko B mailako Babyauto Zarautz Beltzak taldeak. Hirutik hiru norgehiagoka irabazi ditu, alde handiz gainera. Asteburu honetako biktima Valladolideko VRAC Quesos Entrepiñares taldea izan zen; 78-0 hartu zuen mendean etxeko taldeak; ez zion aukerarik eman kanpokoari. Zarauzko Asti zelaian neurtu zituzten indarrak bi taldeek larunbatean.

Xabier eta Ander Rekondo anaiek ordezkatu zuten herria norgehiagoka horretan. Hori gutxi izanik, Xabierrek entsegu bat egitea lortu zuen larunbateko partiduan.