Zegama-Aizkorrirako prest

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko mai. 20a, 12:30
Tik-tak, tik-tak...atzera kontua ez da geratzen. Egun pare bat besterik ez dira falta Zegama herria mendi lasterketen epizentro bihurtzeko. Bertan izango dira Kilian Jornet, Tadei Pivk, Remi Bonnet, Aritz Egea, Oihana Kortazar, Maite Maiora, Emelie Forsberg... eta baita bi lasarteoriatar ere: Ivan Granado eta Xabier Carcedo. Biekin hitz egin dugu igandeko hitzorduari buruz.

Hirugarrenez jarraian jokatuko du Zegama-Aizkorri Ivan Granadok. Iaz bost ordu eta hamar minututan osatu zuen 42 kilometro pasatxoko ibilbidea, eta 141. postuan helmugaratu. Aurtengo helburua kronometroa bost ordu baino gutxiagotan geratzea dela azpimarratu du herritarrak. “Gogor” entrenatu du horretarako, eta “itxaropentsu” dago.

Xabier Carcedok ere eramango du erlojua igandean, baina seguruenik ez dio Ivanek bezainbestetan begiratuko. Aurten ariko da lehen aldiz Zegama-Aizkorrin, eta, guztiaren gainetik, lasterketaz eta esperientzia berri horretaz gozatzea du xede. 47 urterekin iritsi zaio proba entzutetsu horretan estreinatzeko ordua. Badaramatza hainbat urte mendian lasterka; dio "egunerokotasuneko tentsioak askatzeko" oso baliagarria zaiola, eta "naturaz gozatzeko aukera paregabea" dela. Normalean, urtean zehar asfaltoa eta mendia tartekatzen ditu, eta udaran atseden hartu.

Bost bat urtez dortsalaren atzetik ibili ostean, aurtengoan lortu du saria Carcedok, azkenean. Dortsala babesle baten bitartez lortu du; Ivan Granadok ere bide horretatik eskuratu du zenbakia. “Ezerengatik ez nuke aldatuko aurten Zegamako dortsala”, nabarmentzen du.

Sentsazioak eta lan-saioak

“Gorputzaldi onean noa Zegamara, baina aurten estreinakoz ariko naizenez, duda batzuk ere baditut: ea nahikoa entrenatu ote dudan, egin dudanarekin aski izango ote den... Hala ere, proba iritsi bitartean ez diot buruari asko eragingo, alferrik baita hori”, aipatzen du Carcedok. Entrenamenduak, lana eta familia uztartzea "zaila" dela dio.

Gehienbat, 20-30 kilometro bitarteko lan-saioak egin ditu Carcedok, inguruko mendietan barrena: Andatza, Adarra, Buruntza... Horrez gain, Zegamara ere joan zen, lasterketako ibilbidea ezagutu eta egitera. “Gogorra eta oso teknikoa” dela iruditzen zaio. 

Maiatzaren 7an eta 9an, bi egunetan banatuta egin zituen Zegama-Aizkorriko 42 kilometroak Granadok. Larunbatean –7an– 29 kilometro egin zituen, 3:44ko denboran. 9an, aldiz, irteeratik Sainct Spiritu ermita arteko bidea –19,5 kilometro– hartu zuen erreferentziatzat. Albiste onak eman zizkion erlojuak: iaz baino bi minutu eta erdi gutxiago behar izan zituen tarte hori egiteko. “Itxaropentsu nago; ea lortzen dudan bost ordutik jaistea”, zehazten du herritarrak.

42,195 kilometro ditu luze Zegama-Aizkorri mendi maratoiak, eta 5.472 metroko desnibel metatua. Gakoetako bat probaren faseak eta momentuak ongi neurtzea izango da. Biek daukate planteamendu zehatz bat buruan. Granadok uste du “mantsoago” hastea komeni zaiola, gero bigarren zatian, Aizkorri igo ostean, korrika gehiago egin eta “egurra” emateko. “165 pultsazioren bueltan nahi dut ibili”. 

“Lehenengo zatia mantso egingo dut, ea azken hamabi kilometroetara fresko samar iristen naizen, hortik aurrera egurrean aritzeko. Eta, ikusten badut ez nabilela horren ongi, erritmoa jaitsiko dut, ez dago arazorik”, dio Carcedok.

"Ileak tente-tente"

Aratz, Sainct Spiritu, Aitxuri, Andraitz... Fase eta aldapa gogorrak ditu Zegama-Aizkorri probak, baina bertan pilatzen diren zaleen animoei esker “arinagoak” egiten direla nabarmentzen du Granadok: “Ibilbideak desberdina dirudi probaren egunean! Sekulakoa da giroa, ileak tente-tente jarri ohi zaizkit”. 

Zaleen animoekin edo gabe, mendi maratoi horretako aldapa gogorrak igo egin behar dira berdin-berdin, baina Carcedok aipatzen duenez, berotasun hori sentitzea "oso garrantzitsua" da mendi lasterkarientzat. "Euskal Herrian, oro har, jendea erakartzen dute mendi-lasterketek; zaletasuna errotua dagoela esango nuke", gehitzen du.

Granadoren hitzetan, parte-hartzaileentzat esperientzia oso berezia da, baina baita ikusleentzat ere. "Ezagun bat bakarrik joan zen pasa den urtean lasterketa ikustera, eta kontatu zidanez, ikaragarri ongi pasa zuen, ume txiki bat balitz bezala". Munduko mendi-lasterkari onenak horren gertutik ikusteak ere xarma daukala dio: "Azkar igotzen dira, jakina, baina diziplina honetako izen ezagunenak horren gertutik ikustea oso erakargarria da ikusleentzat".

Ultra lasterkari onenekin batera egongo dira bi herritarrak irteera-lerroan. "Handik aurrera, ordea, ez ditut berriro ikusiko, beste maila batean egiten baitute lasterka eurek; nik, nirea egin behar dut, kontziente izan nire muga non dagoen, proba horrela enfokatu behar dut", azpimarratzen du Carcedok.

Granadok, esan bezala, hirugarrenez egingo du igandean Zegama-Aizkorri. Aurreneko aldian, 2014koan, "leher eginda" helmugaratu zela oroitzen du: "19:00ak 20:00ak arte ez nuen bazkaldu, eta hurrengo ostegunera arte gorputzari ezin buelta eman ibili nintzen". Iazko helmugaratzea, berriz, samurragoa izan zen: "Iritsi eta ordu erdira jada sekulako gosea neukan". Aurtengorako, honakoa espero du: "14:00ak baino lehen elkartu nahi nuke helmugan familia eta lagunekin; ez litzateke batere seinale txarra izango".