Urtetik urtera, garatzeko erronkari eutsiz

martin-vicioso 2017ko mar. 17a, 12:00
Maila federatuetan astero lehiatzen duten tenislari askorik ez badago ere, gaztetxo ugari aritzen da Michelingo pistetan entrenatzen. Urtetik urtera, Lasarte-Orian zaletasuna sustatzeko helburua dute klubek

LOKE eta Ostadar SKT dira Lasarte-Orian tenisa jorratzen duten klubak. Baliteke herriko gaztetxoengan beste kirol batzuek arrakasta handiagoa izatea, baina oro har, "pozik" dira duten harrerakin.

Lasarte-Oriako Kirol Elkarteko tenis alorreko arduradun Xabier Gonzalezek azaldu duenez, 50 tenislari inguru dituzte; 40 bat eskola kirolean eta hamar nagusi. Ostadar SKT-n berriz, 24 dira, eta aurten lehenengo aldiz nagusien taldea atera dute.

"Gure helburua aisialdiko kirol ekintza gisa tenisa sustatzea da", adierazi du Ostadar SKT-ko tenis ataleko arduradun Iñaki Altunak. "Saiatu izan gara federatu maiako lehiaketetara joaten, baina errealistak izanik,  gaur egungo egoerara moldatu gara".

Ildo beretik mintzatu da Xabier Gonzalez. "Federatu mailako lehiaketetara joatea zailagoa zaigu, baina gaztetxoenekin ekintza gehiago sustatu ditugu, eta bide horretan egin nahi dugu lan".

Eskola kiroleko txapelketa

Urteroko hitzordua bihurtu da Michelinen egiten duten Gipuzkoako Eskola Kiroleko Tenis Txapelketa.

Aurten, apirilaren 29an hasiko da banakakoa, eta hamar lasarteoriatarrek hartuko dute parte.

Taldekako fase finala, aldiz, maiatza amaieran jokatuko dela jakinarazi dute. Landaberri sailkatuta dago eta, beraz, Michelingo pistetan jokatuko diren partiduetan ikusi ahal izango dituzte bertaratuko diren herritarrek.

Garapena helburu

"Urtetik urtera gaztetxo gehiago" dituztela nabarmendu du Gonzalezek. Txapelketak lagundu du bere ustez. Izan ere, "lehen, maila federatutik kanpo partiduak jokatzeko aukera gutxi zegoen". 

Dena den, bai Altunak baita Gonzalezek ere azpimarratu dute "garrantzitsuena kirolarekin gozatzea eta pixkanaka zaletasuna garatzea" dela.

Beste kirol batzuei "konpetentzia egitea" konplikatua dela konsziente dira. "Hasieran ume askok ematen du izena tenisean, baina etapak amaitzen joan ahala, eta kirol bakarra aukeratu behar dutenean, gutxi geratzen dira hemen", adierazi du Ostadar SKT-ko arduradunak.

Datozen urteetara begira, Lasarte-Oriako kluben erronka nagusia "tenisa landu eta jendartean garatzea" da. Beti ere, "errealistak izanik eta herriko kirolak bizi duen egoera ezagutuz".