Urteari hasiera ona eman diote herriko igerilariek

martin-vicioso 2017ko ots. 3a, 11:30
Buruntzaldea IKT-ko igerilariek ondo hasi dute 2017a. Zenbait taldekide Gipuzkoako eta EAEko selekzioak deituak izan dira, eta Nahia Zudaire Espainiako egokitutako igeriketan txapeldun izan da. Txapelketetarako gutxiengo markak lortzeko jardunean daude orain.

Neguko prestaketak amaitze bidean dira Buruntzaldea IKT taldeko igerilariak. Neguko Ligako jardunaldiak pasa berri den asteburuan bukatu zituzten,balantza onarekin. Izan ere, ekipoko zenbait errekor eta marka hobetuz.

Halaber, Nahia Zudaire Espainiako egokitutako igeriketan txapeldun atera zen Valdemoron egindako lehiaketan. Taldeko arduradun Borja Apeztegiak azaldu duenez, “pozik” daude lortutako emaitzekin, nahiz eta azpimarratu nahi izan duen “garrantzitsuena bere garapenari jarraipena ematea” dela.

Datozen erronkak 

Hurrengo hilabeteetara begira, zenbait helburu identifikatu dituzte. Euskadiko selekzioak Leire Martin deitu du, eta Erkidego arteko txapelketan lehiatuko da hurrengo astean Castellón. Iñigo Ibarburuk, aldiz, ‘Zaragoza Hiria’ sarian hartuko du parte martxoaren 3an, 4an eta 5ean. Nazioarteko froga izanik ere, Apeztegiak azaldu du Aste Santura aldean egingo diren konpetizioetarako prestatzen ari dela gehienbat. Dena den, “bere onena” emango duela nabarmendu du prestatzaileak.

Gipuzkoako, EAEko eta Estatuko Txapelketetara sailkatu ahal izateko gutxienezko markak eskuratzen saiatzen ari dira taldeko igerilari guztiak euren kategoriatan.

Bestalde, taldeko igerilari batzuk Gipuzkoako selekzioak deituak izan dira azken hilabeteetan teknifikazio saioak egiteko. Besteak beste, Leire Martin, Ainhoa Martin, Paula Sevillano, Nora Imaz, Unai G. Somovilla eta Joane Arzalluz.

Bihar taldeko infantil eta alebinek 50 metroko sailkapen frogan hartuko dute parte kiroldegiko igerilekuan. Otsailaren 12an Legazpin jokatuko diren finaletarako txartela lortzen saiatuko dira igerilari lasarteoriatarrak.

Instalakuntzak

Lasarte-Oriako kirol instalakuntzetan egingo diren aldaketei dagokienez, Buruntzaldea IKT-ko arduradunak dio 50 metroko piszina nahiago dutela, kirol eta modalitate berriak frogatzeko aukera ematen duelako; esaterako, urpoloa. Dena den, nabarmendu du xehetasun ekonomikoak ez dituela ezagutzen.