Urrezko dominarekin itzuli da Eizagirre tatamietara

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urt. 15a, 13:18
Espainiako Kopa jokatu du Tortosan judoka gazteak. Hurrengo proban domina lortuz gero, Espainiako txapelketarako sailkatuko da

Min hartuta amaitu zuen denboraldia Eneko Eizagirre LOKEko judokak, baina indar berrituta itzuli da. Sorbaldako ebakuntzaren ondotik lehen txapelketa jokatu du asteburan, Tortosan (Katalunia).  Espainiako Kopako lehen proban  urrezko domina kolkoratu du juniorrak. 

Dominaz gain, ranking-erako puntuak poltsikoratu ditu. Jokatutako bi borrokak irabazi zituen, "ondo eta erraz", Gorka Aristegi entrenatzailearen hitzetan. Hurrengo Espainiako Kopa Salamancan jokatuko du, eta domina lortuz gero, Espainiako txapelketarako sailkatuko litzateke.  

Kategoriaz aldatu du Lasarte-Oriako gazteak. Aurten 100 kilo azpitik mailan lehiatuko du (iaz 90 kilo azpitikoetan aritzen zen). 
Edonola ere, koparen aurretik Gipuzkoako txapelketa jokatu beharko du, hurrengo asteburuan.