Urnieta eta Zerain, txapeldun Michelinen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko ots. 1a, 10:10
Bola txapelketako final handia jokatu dute Michelingo bolatokian. Gizonezko eta emakumezkoen launa talde aritu dira, nor baino nor gehiago. Emaitzak baino gehiago, giro ederra izan da azpimarratzekoa: aspaldian ez da horrenbeste zale ikusi kantxan

Larunbata. Eguerdiko hamabiak pasatxo. Michelin, kirolez lepo. Tenisa, areto futbola, futbola eta bola-jokoa batera ordu horretan. Goiztiarrenak, hala ere, bola jokalariak izan ziren. 08:30ean egin zituzten zozketak, erabakitzeko nor hasiko zen birlak astintzen. Giro ederra zegoen bolatokian, aspaldian ez bezala; jendez lepo. Hitzordu oso garrantzitsua izan zen pasa den asteburukoa: Bola Txapelketako finalerdiak eta finalak.

Gizonezko taldeak hasi ziren. Ategorrieta, Segura, Urnieta eta Legazpia, nor baino nor gehiago. Seina aldiz jaurti zuen bola jokalari bakoitzak. Pistaren beste aldean zeuden bederatzi birletara iritsi aurretik, erdi-erdian zegoen beste birlatxo bat saihestu behar zuten jaurtiketa balekoa izateko. 

Goiza pasa ahala berotu zituzten eskumuturrak taldeek, eta jaurtiketa ikusgarriak egin zituzten. Kazetaria bertan egon bitartean inork ez zituen birla guztiak bota, baina baten batek bakar bat utzi zuen tente. Txalo-festa bolatokian, eta giro ederra. Txantxetan aritu ziren taldeak, kiroltasunez. Kazetariekin ere bai: "Argazkiak ateratzera etorri zarete, eta huts egiten hasi dira jokalariak. Marka da gero!".

Urnieta eta Zerain txapeldun 

Larunbatean Michelinen elkartu ziren jokalariek makina bat urte daramatzate jokatzen. Gizonak beteranoagoak dira, eskarmentu gehiago dute, baina emakumeak ere oso trebeak dira, txapelketan argi asko erakutsi zutenez. Azken urteetan gero eta talde gehiago sortzen ari dira.

Urnieta eta Legazpia sailkatu ziren final handira gizonezkoen kategorian. Emozioa ez zen azken jaurtiketara arte bukatu: urnietarrak nagusitu ziren azkenean, 170 birlarekin. 164 bota zituzten legazpiarrek.Emakumezkoen finala ere oso borrokatua izan zen. Zerainek irabazi zuen, 46 birla botata. Billabonak 41 etzan zituen.

Ostadar ez zen aritu larunbatean, baina bai igandean, binakako txapelketan, Aian.