Triatloi denboraldirako prestaketa zorrozten

martin-vicioso 2017ko ots. 3a, 11:00
2017ari hasiera eman diote Trinkoko kirolariek. Hilabetean bi bizikleta irteera egiteko asmoa dute, eta otsaileko lehena bihar egingo dute. Herriko triatloi eta duatloi zaleak batzea da haien helburua, elkarrekin entrenatu eta konpetitzeko.

Urteko lehen irteerak egin dituzte Trinko triatloi taldeko kirolariek. Kide Asier Gorostegik azaldu duenez, “urtarriletik ekainerako bizikleta irteerak” antolatuko dituzte. Hilean bi egiteko asmoa dute, progresiboki zailtasuna handituz.

Pasa den larunbatean, adibidez, Ordiziara egin zuten joan etorria taldeko bederatzi lagunek. Urtarrileko eta otsaileko saioak zailtasun txikiagokoak izango direla azaldu dute, 60 eta 70 kilometro artekoak. Herritarren batek haiekin atera nahiko balu, sare sozialetan jakitera emango dituzte hitzorduak.

Hiru kirol prestatuz 

Triatloiak duen zailtasun nagusia hiru kirolak –txirrindularitza, igeriketa eta korrika– behar bezala uztartzea da. Gainera, Gorostegik azaldu du “Talde bateko kideen entrenamenduak bateratzea” ez dela erraza. Horregatik, besteak beste, prestatu dute ekainera bitarteko bizikleta irteeren egutegia.

“Taldean” entrenatzea dute gustoko txirrindulari askok, eta Gorostegiren ustez Lasarte-Orian lehenagotik ere bazen “bizikletan ateratzeko ohitura”. Hori bai, “oso maila desberdinarekin”. Hemendik aurrera, hilean bi larunbatetan Trinkok antolatutako irteeretan parte hartzeko aukera edukiko dute herritarrek. Hala, Lasarte-Oriako kirol giroa sustatzeko asmoa dute.

Igeriketari dagokionez, Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuan entrenatzen dute, Buruntzaldea IKT-k antolatutako masterrentzako saioetan. 

Korrika egiteko, bestalde, bi aldiz geratzen dira astean, astearte eta ostegunetan arratsaldeko 18:00tan, kiroldegian. Herritar batzuk gehitu zaizkie, eta beste norbaitek haiekin entrenatu nahiko balu, irekia du atea.

Apiriletik aurrera, triatloiak

Trinkoko kideen helburu nagusia triatloietan lehiatzea izan arren, duatloietan ere parte hartzeko asmoa dute. Otsailean eta martxoan hasiko dira Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko lehenengo frogak, eta Iurgi Los Arcos eta Leo Juarez lehia goiztiar horietan parte hartzeko asmoa dute

Apirilean Aizarnazabalen egingo duten froga da duatloi mailan aurtengo “erronka nagusia”.

Apirilean, berriz, triatloi denboraldiari emango diote hasiera. Gorostegik jakitera eman duenez, “ohitura” hartu dute lehenengo froga batera egiteko. Senperera joango dira taldekako triatloia egitera. “Seguru aski lauko bi taldetxo osatuko ditugu, eta elkarrekin pasako dugu larunbat arratsaldea”.

Halaber, maiatza eta ekainean zehar Gipuzkoan burutuko diren froga gehienetan parte hartuko dutela adierazi du. Oraindik egutegia zehaztuta ez daukaten arren, espero dute Trinkok presentzia izatea triatloi ibilbidean.

Trinko errotu

2016rako helburu nagusia “taldea osatu eta mapan jartzea” zen. Alde horretatik, “pozik” dira, oinarri sendoa dutelako. Etorkizunera begira, lagun gehiago erakarri nahi dituzte eta taldean emakumeen presentzia handitu.

Kirol errendimenduari dagokionez, batzuek beraien helburuak lortu dituztela azaldu du Gorostegik, nahiz eta “bigarren mailakoa” dela aitortu. “Garrantzitsuena”, Trinkoko kidearen ustez, “taldea errotzea” zen.

Triatloiaz interesatu diren herritarrak erakartzeko asmoarekin, “gehiegizko zailtasunaren mitoa hautsi” nahi dute.

“Kros arrunta baino gehiago prestatu behar da, bai, hiru kirol ezberdin egin behar baitira. Baina triatloi motz bat egin ahal izateko ez da beste munduko gaitasunik behar”, adierazi du Gorostegik.

Nabarmendu dute materialari edo bestelako gai bati buruzko edozein zalantza argitzeko prest daudela.