Sei bikote lehian aurtengo Santa Ana Pala Txapelketan

martin-vicioso 2017ko eka. 16a, 13:15
Aste honetan jokatu dira 2017ko Santa Ana Pala Txapelketako lehenengo bi jardunaldiak. Sei bikotek eman dute izena aurtengo edizioan, eta elkarren kontra jokatu beharko dute bitan. Squash Txapelketaren finalak, berriz, bihar jokatuko dira.

Santa Ana Pala Txapelketa ere martxan da dagoeneko. Aurtengo edizioan sei bikotek eman dute izena. Euren artean jokatuko dute lehenengo fasean, eta lau onenek finalerdiak jokatu ahal izateko txartela eskuratuko dute.
2016ko irabazle Xenki Astiazaranekin eta Iñigo Arluziagarekin batera, beste hiru bikotek eta bi hirukotek parte hartuko dute. Hiruko taldeek partiduro hautatu beharko dituzte jokatuko duten bi palistak.

Hauek dira 2017an txapelaren bila arituko diren bikote eta hirukoteak: Xenki Astiazaran-Iñigo Arluziaga; Jon Pagola-Jesus Ferreira-Alain Etxebeste; Egoitz Salsamendi-Endika Gartzia; Josu Iparragirre-Fernando Martin; Gari Arteaga-Aitzol Irazustabarrena- Axular Iparragirre; eta Haritz Urkia-Jon Pello Artetxe.

Jadanik bi jardunaldi jokatu dituzte bikote guztiek. Final nagusia, ohi bezala, Loidibarren pilotalekuan jokatuko da Santa Ana egunez.

Squash txapelketa, azken txanpan

21 jokalarik eman zuten izena aurtengo Squash Txapelketa Sozialean. 11 jardunaldi jokatu ostean, seik soilik egin zuten aurrera: Iker Cañedok, Gorka Arretxek, Kinin Calvok, Xabier Azaldegik, Iñaki Garciak eta Imanol Olaizolak.

Bihar jokatuko dira aurtengo finalak. Lehenik, 15:00etan, kontsolazio faseko irabazlea nor den erabakiko da. 16:00etan, berriz, hirugarren eta laugarren posturako lehiatuko dira. Neurketa hori bukatu bezain laster hasiko da final handia.

Padel eskolako ate irekiak

Aurten hasi du bere ibilbidea Padelo klubak, oso emaitza onekin. Datorren urtera begira, herriko gaztetxo gehiagok izena eman dezaten nahi dute. Padel eskolako ate irekiak antolatu dituzte hilaren 26an eta 27an.

Aurrebenjaminetatik hasita, junior kategoria arteko guztiak gonbidatuta daude. Hau da, 1999 eta 2010 urteen artean jaiotako guztiak. Interesa dutenek izen-abizenak eta telefonoa bidali beharko dituzte lasarteoriapadel@gmail.com helbidera.

Bestalde, Ander eta Joseba Rekondo anaiek Gipuzkoako 1go mailako txapelketa irabazi zuten Mons kiroldegian (Donostia).