Pausoz pauso, herrian saskibaloia errotuz

martin-vicioso 2017ko ots. 10a, 18:00
Bost urte bete ditu denboraldi honetan Ostadar SKT-ren saskibaloi atalak. Urtez urte talde gehiago ateratzen dituzte, eta Gipuzkoako eta EAEko lehiaketetan maila ona eman dute orain arte. 2016-2017 denboraldiko errepasoa egin dugu arduradun Endika Marrahirekin.

Ibilbide oparoa egin du Ostadar SKTren saskibaloi atalak urte gutxian. Talde bakarrarekin hasi eta, gaur egun, seik osatzen dute sekzioa. Halaber, alebin eta infantilak batzen dituen ‘Saski eskolak’ ume kopurua bikoiztu du azken denboraldian.

Emakumezko bost talde ditu Ostadar SKT-k. Kadete mailan bi, juniorretan beste hainbeste eta, lehenengo aldiz, senior mailan atera dute ekipoa. Ataleko arduradun Endika Marrahik azaldu duenez, haientzat “garrantzitsua” zen senior kategoriara pasa den belaunaldi horrekin jarraitu ahal izatea.

“Gaztetako fase guztiak arrakastaz igaro dituzte eta klubaren garapenaren mugarri dira”, dio Marrahik. Taldea ateratzeko “zalantzak” izan zituztela aitortu du entrenatzaileak, zazpi jokalarirekin soilik hasi baitziren. Dena den, Donostiatik etorritako jokalari bati eta juniorrek emandako laguntzari esker aurrera atera dira.

“Asko ari dira ikasten. Seguru aski mailako talde gazteena gara. Ohituak daude kirol arrakasta finaletan eta sarietan neurtzera. Oraingoan ulertu dute saria bera dela taldea aurrera ateratzea eta astebururo lehiatzea”.

Gazteak sendo

Junior mailan Euskal Ligara sailkatu eta mantentzea lortu ostean, erabaki zuten aurten berriro ere Gipuzkoako Errendimendu mailan lehiatzea, taldea bertan hobeto ikusten baitute. 

Denboraldi honetan junior mailako bi ekipoak Errendimendu mailan ari dira. “Orain arte Partizipaziozko ligan lehiatzen zirenak igotzetik gertu geratzen ziren, eta aurten Errendimenduan lehiatzeko aukera dute”. Marrahiren uste, jokalarientzako “saria” da.

Kadete mailan aurkitutako “zailtasuna” nabarmendu du arduradunak. “Aurten maila handia topatu dugu; beste urte batzuetan baino zailagoa da partiduak irabaztea”, dio Marrahik.

Gizonezkoak, hirugarren

Denboraldi txukuna ari dira egiten gizonezkoen senior taldeko kideak. Sailkapenean hirugarren dira, hanka eta erdi Bigarren Mailarako igoera fasean dutela.

“Maila oso desberdina duten taldeak” daude, Marrahiren ustez. Hala ere, igoera lortzea “erronka zaila” dela aitortu du.

Ez dute aurreikusten gizonezkoen gazteen talderik ateratzea etorkizun hurbilean.  “Posible balitz, aterako genuke, baina momentu honetan emakumezkoen maila denetan taldea ateratzea dugu helburu, hor baitugu eskaera”.