Ostadar SKT Donosti Cup txapelketan lehian

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 3a, 11:19
Urtero joan izan da talderen bat Donosti Cup txapelketara Ostadar SKTren koloreak soinean. Aurtengoa, ordea, inoizko talde gazteena izango da, 10 urteko hainbat gaztetxok osatutakoa. Datorren astelehenean jokatuko dute lehen norgehiagoka, Martutenen, 10:00etan. Astigarragako Mundarro KE taldea izango dute aurrez aurre.

Javi Martinez eta Rafa Hurtadok zuzenduko dute talde gazte hori Donosti Cup txapelketan zehar. Javiren seme Gaizkak osatzen du entrenatzaile hirukotea: Javi eta Rafari zenbait ariketa prestatzen laguntzeaz gain, uraz eta baloiez ere arduratzen da.

Datorren astean ekingo dio lehiaketari Ostadarrek. Martutenen jokatuko dute astelehenean 10:00etan, Mundarro KE taldearen kontra. Asteartean toki eta ordu berean neurtuko dituzte indarrak Sant Just Atletic B taldearen aurka, eta asteazkenean itxiko dute lehenengo fasea, Matigoxotegi zelaian: Hendaiako Eglantins izango dute aurrez aurre, 17:30etatik aurrera. 

Hiru norgehiagoka horien ostean fase finalerako sailkatzea lortuko balute, ostegunean jarraituko lukete partiduak jokatzen. 

Tourreko porra

Donosti Cup baino lehen hasiko da aurtengo Frantziako Tourra. Bihar ekingo diote txirrindulariek hiru asteko itzuliari, Utrecht-en (Herbehereak). Erlojuaren aurka ariko dira, bakarka. Ia 14 kilometrokoa izango da erlojupeko etapa hori. 

Horren harira, Ostadar SKTk gogorarazi nahi die herritarrei aukera dutela oraindik Tourreko porra egin eta tabernetara eramateko, 7 euroren truke. Bihar 21:00etan bukatuko da boletoak entregatzeko epea. Etapak aurrera joan ahala, porra egin dutenek Ostadarren webgunean jarraitu ahalko dituzte sailkapen eguneratuak.

Etapa baten irabazleak 60 euro eskuratuko ditu, 360 sailkapen orokorreko lehenengoak eta 180 bigarrenak. Zazpi urdaiazpiko ere zozketatuko ditu Ostadarrek, eta sailkapeneko azkenari emango dio zortzigarrena. Tabernarientzat ere badago saririk: puntu gehien batzen dituenak bi pertsonentzako afaria irabaziko du, Txartel Txoko jatetxean.

Azkenik, Italiako Giroko eta Frantziako Tourrekoak batu ostean puntu gehien eskuratzen dituen pertsonak 1.000 euro poltsikoratuko ditu.