Ostadar Antonio Aroztegiak ligako lehen garaipena lortu du (4-10)

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 27a, 18:30
Kosta zaie estreinatzea, baina une ezin aproposagoan egin dute. Ostadar Antonio Aroztegia eta Muskiz ziren 3. Mailan oraindik irabazi ez zuten bi taldeak, eta elkarren kontra aritu ziren iragan asteburuan, Muskizen. Josean Jimenezek zuzendutako taldeak kolpea eman zuen mahaian, eta hiru puntuak merezita bueltan ekarri herrira. 4-10 nagusitu ziren urdin-beltzak.

Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina 3. Nazional mailan ari den Ostadar Antonio Aroztegiak lehenengo 'finala' jokatu zuen iragan larunbatean Muskizeko kiroldegian. Josean Jimenezek zuzendutako taldea eta Muskiz bizkaitarra ziren oraindik punturik bildu ez zituzten bakarrak. Beraz, berebizikoa zen bientzat irabaztea, edo behintzat, ez galtzea.

Arrazoi hori tarteko, Ostadar Antonio urduri samar kantxaratu zen, eta Muskiz 2-0 aurreratu zen. Dena den, urdin-beltzek egoerari eta markagailuari buelta eman zioten atsedenaldira iritsi aurretik: Ander Petxarromanen (2) eta Daniren golei esker, 2-3 irabazten jarri ziren. Lehenengoa bukatu bezala ekin zioten bigarren zatiari herritarrek; oso kontzentratuta eta intentsitate handiz. Maurok hiru gol sartu zituen, eta Petxarromanek bere hirugarrena, 2-7 aurreratzeko. Horren aurrean, Muskizek atezain jokalariarekin jokatu zituen azken 15 minutuak, eta bi gol sartzea lortu zuen, baina tarte berean Ostadarrek beste hiru eskuratu eta garaipena poltsikoratu zuen, denboraldiko lehenengo hiru puntuak bilduz.

Talde federatuen emaitzak

Gainontzeko talde federatuek ere jokatu zituzten norgehiagokak asteburuan. Gipuzkoako 1go mailan herriak dituen bi ordezkariek puntuak bildu zituzten. ISU Leihoakek 1-6 irabazi zuen Power Rangersen aurka, eta hiruna berdindu zuen Cecilia Kebab Lasarte Ostadarrek Egarri Tabernaren kontra. Sailkapeneko bosgarren postuan dago ISU, bederatzi punturekin; Ostadarrek berriz, zazpi bildu ditu, eta zortzigarren postuan dago.

Jubenilei dagokienean, Buenetxea Ostadarren eta Summa Aldapetaren aurkako neurketa bina bukatu zen; Lasarte Kafe Bar Ostadarrek, aldiz, 3-2 galdu zuen Summa Aldapeta B taldearen aurka.

Herriko txapelketaren 5. jardunaldia

Herriko areto-futbol txapelketak aurrera jarraitzen du. Pasa den asteburuan 5. jardunaldia jokatu zen. Emaitzak honakoak izan ziren: Trumoi 1-1 Ilargi; Urdaneta HK 1-6 Also; Kattagorri Insausti 4-1 Kebab Taberna; Izkiña 3-0 Txoko; Indaux 6-8 Ibaros Latino; eta Reformas Lagunak 1-6 Aita Amari Taberna.

Sailkapen nagusiari erreparatuta, Kattagorri Insaustik jarraitzen du lidertzan, alde handiagoarekin gainera: jokatutako bost partiduak irabazita, hamabost puntu ditu, bigarren sailkatuak (Kebab Taberna) baino bost gehiago. Kebab Tabernaz gain, beste bi taldek dituzte hamar puntu: Ibaros Latinok eta Aita Amarik. Izkiñak eta Urdanetak bederatzi dituzte; Trumoik, zazpi; Alsok, lau; Txokok, Viña del Marrek eta Reformas Lagunakek, hiru; bat Ilargik; eta bat ere ez Indauxek.

Goleatzaileei dagokienean, Kattagorri Insaustiko jokalari Unai Ituarte eta Ander Petxarroman dira golegile nagusiak; hamar gol sartu ditu bakoitzak.