Ohorezko B mailako lidergoa sendotzeko, Zarautz-Beltzak 35 - Uribealdea 19

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abe. 15a, 17:03
Asteburua joan eta asteburua etorri, Zarautz-Beltzak taldeak berri onak besterik ez ditu ematen. Uribealdea garaitu zuten 12. jardunaldian, nahiz eta lehen zatian bereziki asko sufritu behar izan zuten. Partida hasi eta minutu gutxira Plentziako mutilek entsegua lortu zuten.

Atsedenaldian markagailua kontran zuten Astin 6-16ko emaitzarekin eta zaleak urduritzen ere hasiak ziren, Uribealdea baita aurten Beltzak Ohorezko B mailan menderatu duen talde bakarra.
Hala ere, bolada gozoan daude herriko eta Zarauzko mutilak. Eta haizeak alde jotzen duenean, guztia egiten da errazago. Zigor kolpe eta entsegu bat lortu zituzten bi minutu eskasetan. Ez hori bakarrik, zigor entsegu bat ere adierazi zioten Uribealdeari eta horrek markagailua 35-19an finkatu zuen.
Unai Urruzolak eta Xabier Rekondok lan handia egin zuten melean, David Vegak hegalean jokatu zuen lehen zatian eta Ander Rekondo azken bost minutuetan zelairatu zen.
Lider doaz Beltzak, Durango puntu bakarrera daukate eta Bera Bera da hirugarren sailkatua, 10 puntu gutxiagorekin.