Pasa den asteburuan, saskibaloiko Erregina Kopa jokatu zuten Gironan. Ligako hamabi talde onenen harrobietako taldeak, aldi berean, Mini Kopan lehiatu ziren. IDK Gipuzkoaren gazte taldean jokatzen dute Garazi eta Judith Navarro lasarteoriatarrek, IDK Eason. Txapelketa bikaina egin ostean, zilarrezko domina eskuratzea lortu zuten.
Lehenengo fasean Star Center Uni Ferrol eta Cadi La Seu taldeak menpean hartu zituzten, eta Spar Gran Canariaren aurka galdu zuten. Finalerdietan etxeko Spar Citylift Girona izan zuten aurrean. Lehenengo fasean partidu guztiak irabazi zituzten eta txapelketa bereganatzeko faboritoak izan arren, gipuzkoarrek lortu zuten finalerako txartela. IDK Easok ezin izan zuen urrea eskuratu, 73-49 galdu baitzuten Zaragozako Stadium Casablancaren kontra.