Nahia Zudaire, kirol egokituko Espainiako Igeriketa Txapelketara

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 22a, 18:06
Nahia Zudaire Buruntzaldea IKTko taldekidea Valladolid-en izango da asteburuan igeriketa egokituari dagokion 'Gazteen Espainiako Txapelketan' parte hartzen. Lehiaketa honetan Euskadiko Kirol Egokituko Selekzioarekin arituko da.

Nahia Zudairek 50 libre, 50 bizkar eta 100 libre frogetan egingo du igerian. Horretaz gain, 4x50 libre eta 4x50 estiloak errelebo mistoetan ere hartuko du parte. Espainiako Txapelketa batean lehiatzen duen lehen aldia izango du Zudairek, beraz ziur emozioa eta zirrara nahastuko zaizkiola.

Bestalde, pasa den larunbatean Mikel Soto eta Jone Vazquez Getxoko Fadura igerilekuan izan ziren Euskal Herriko Luzera Handiko Txapelketan lehiatzen. Biak juniorrak izanik, 3.000 libre frogan aritu ziren. Tamalez, Buruntzaldea IKTko igerilariek laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten, podiumetik koska batera geratuta. Dena den, marka onak egin zituzten. Mikel Sotok 36:27''77ko denboran egin zituen 3.000 metroak eta Jone Vazquezek 40:38''34an gelditu zuen kronoa. 

Azkenik, Andoaingo KZLko 2. jardunaldian lehiatu ziren Buruntzaldea IKTko benjamin eta alebinak. Txapelketa hau, bost urteren ondoren, herriko taldeak Andoainen antolatzen zuen lehena izan da, giro paregabearekin.