Michelinen irabazita, finaletik oso gertu dira Arteaga II eta Erasun

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko mar. 12a, 11:51
Promozioko binakako txapelketako finalera sailkatzeko sei tanto gehiago besterik ez dituzte egin behar Arteagak eta Erasunek. Momentuz, finalerdietako ligaxkan bitik bi irabazi dituzte. Azkena, ostiral iluntzean, Michelingo pilotalekuan. Profesional mailan ari denetik, aurrelari lasarteoriatar gazteak etxean lortutako lehen garaipena izan zen herenegungoa. 22-10 nagusitu ziren gorriak, Peña eta Salaverriren aurka.

Bazuten gogoa pilotazale lasarteoriatarrek herriko pilotari gazteak Michelinen garaipena eskuratzen ikusteko, eta, nola ez, ospatzeko. Profesional mailara jauzi egin zuenetik hirugarrenez aritu zen pilotaleku horretan ostiral iluntzean. Orduko horretan, Jon Erasun zizurkildarrarekin bikote eginez, eta Peña eta Salaverri izanik aurkari. Ez zen nolanahiko neurketa izan: promozioko binakako txapelketako finalerdietako ligaxka jokatzen ari dira bi bikote horiek, beste pare batekin batera, eta garaipen bakoitzak urrea balio du. Ostiralekoaren balioa, gainera, bikoitza da: finalerako urrats handia egitearekin batera, hainbeste amestutako garaipena poltsikoratu zuen Arteagak. Hori ere lortu du.

Arteagak berak txokoan ederki utzitako pilota batekin egin zuten 1-0eko tantoa gorriek. Partiduan behin baino gehiagotan gertatuko zenaren augurio izan zen: zalegoa herriko pilotariak egindako tantoak ospatzen. Hori bai, tanto batzuk itxaron behar izan zituzten harmailetatik altxa eta txaloka hasteko, norgehiagokaren hasiera orekatua izan baitzen oso.

Konturatzerako zazpina zihoazen. Egindako tantoak baino, halere, gehiago izan ziren gorriek zein urdinek galdutakoak. Ordutik aurrera, ordea, Arteaga eta Erasun hasi ziren nagusitzen Michelingo kantxan. Bereziki azpimarratzekoa izan zen 10-7koa, neurketako inflexio-puntua seguru asko. Peña eta Salaverriren erasoen aurrean ederki defendatu ziren lasarteoriatarra eta zizurkildarra, postuak elkartrukatzera iristeraino, eta erasora pasa zirenean, Arteagak ez zuen barkatu ezker gantxo doi batekin. Zoratzen zeuden zaleak. Lehen atsedenaldia iritsi zen handik gutxira: 12-8koa markagailuan, gorrien alde.

Arteaga protagonista

Ordura arte hobeto aritu zen bikote gorria, Jon Erasun atzelaria batez ere. Sendo, eta apenas pilotarik galdu gabe. Baina atsedenalditik bueltan aurrelariak, Arteagak hartu zuen protagonismoa, eta gaueko tanto onenak egin: ezker gantxoak, txokoan, Peña eta Salaverriren artera bidalitako pilotaren bat, eta baita sotamanoz egindako buruz gain bat ere. Bien bitartean, tantoak pilatzen jarraitzen zuten gorriek, 18-9 jartzeraino. Bigarren atsedenaldia hartzeko ordua. Garaipena (eta finala) gero eta gertuago zituzten Arteagak eta Erasunek.

Sei tanto gehiago

Eta horrela izan zen. Gorriek azkar itxi zuten neurketa, Peña eta Salaverriri aukerarik ez emanez. Azkenean, 22-10. Ligaxka hiru jardunaldikoa da, eta bi jokatu direnean, 44 tanto egin eta 22 jaso dituzte Arteagak eta Erasunek. Apirilaren 1ean jokatuko den final handira sailkatzeko, Laso eta Iturriagaren aurkako hirugarren neurketa horretan sei tanto egitearekin aski dute. Eskuan oraindik ez daukate pasea, baina hatz mamiekin ari dira ukitzen.

Ostiraleko jaialdiko bigarren partidua ere gorri koloreko bikotearentzat izan zen: Victor eta Albisu 22-17 nagusitu ziren Artola eta Beroizen aurka. 

Intza KEkoen porrota

Igandean Intza KEko pilotarien txanda izan zen. Haritz Urkia eta Gaizka Iruretagoienak osatutako bikoteak Soraluze taldekoekin neurtu zituzten indarrak Michelingo pilotalekuan. 22-17 galdu zuten.

Udaberri txapelketako lehenengo faseko bost partiduak jokatu ditu honezkero Intza KEk: bi irabazi eta hiru galdu ditu, 84 tanto egin eta 86 jasota.

Ostiraleko pilota jaialdiko argazki galeria