Mendi Kafe Rockeko dardo jokalariak txapeldun Salamancako Openean

jon-altuna-egitegi 2015ko api. 28a, 12:13
Espainiako txapelketan lehiatzeko txartela lortu dute taldekako cricket proban

Herriko tabernetan dardo zaletasun handia dago. Horren erakusgarri da Mendi Kafe Rockeko dardo jokalariak Salamancako Openean aritu zirela lehian apirilaren 17, 18 eta 19an, lagunarteko giro onean. 

Mendik sei talde eraman zituen denera Gaztela eta Leon aldera. Horietatik bi nabarmendu ziren, hurrengo fasera igaroz.

Jose Manterola, Unai Falero, Juankar Pelaez, Jose Perez eta Javier Rodriguez lasarteoriatarrek txapela jantzi zuten gainera, taldekako cricket proban. Lortutako emaitza honek Espainiako txapelketarako txartela eman die, eta orain buru-belarri hasiko dira hilabete batzuk barru ospatuko den estatuko zita garrantzitsuena prestatzen.

Banakako sailkapenari dagokionez, 501 proban, Jose Maria Perezek lehen postua erdietsi zuen Salamancan, Jose Maria Txemai hirugarren sailkatu zen eta Ioar Gainza 13. izan zen emakumezkoetan.

Ohi bezala, gogor entrenatzen jarraituko dute herritarrek Mendi Kafe Rocken. Ziurrenik, Loquilloren musika entzunez finduko dute punteria tabernako dianara dardoak behin eta berriz jaurtiz.