Bi lasarteoriatarrek hartu zuten parte asteburuan Madrilen jokatutako atletismoko Espainiako Etorkizun Txapelketan. 200 metroko lasterketan hirugarren geratu zen Maria Eugi eta jauzi hirukoitzean lehiatu zen Ane Galardi.
Aurkari gogorrak izan zituen aurrean Eugik. Izan ere, podiumeko lehenengo bi kosketara igo ziren Cristina Lara kataluniarrak eta Paula Sevilla gaztelarrak aurretik ezarritako Txapelketako markarik onenak hautsi zituzten. Lasarteoriatarrak, berriz, 24.83 segunduko marka egin zuen finalean, irabazleak baina segundu eskas motelago.
Jauzi hirukoitzeko frogan ez zuen zorte handirik izan LOKE taldeko Ane Galardik, eta ezin izan zuen baleko markarik ezarri. Bere hiru jauziak baliogabekoak izan ziren
Absolutu mailako Txapelketa
Bihartik aurrera beste erronka bat edukiko dute atleta lasarteoriatarrek. Maria Eugi 200 eta 60 metroetan lehiatuko da, eta LOKEko Eneritz Bustok, berriz, 60 metro hesietan hartuko du parte.
Gipuzkoako Txapelketa
Bestalde, Gipuzkoako Absolutu mailako Txapelketa ere jokatu zen larunbat eta igandean, eta LOKEko kirolari ugari izan zen bertan. Eneritz Busto garaile atera zen 60 metro hesien frogan, eta podiumera igo ziren Maider Rekondo –bigarren pisu jaurkiketan– eta Naroa Furundarena –hirugarren jauzi hirukoitzean.
Lander Azkarate, Maider Abete eta Amaia Harto 60 metroko lasterketan; Asier Olmos 800 metrokoan; Xalba Otxandorena 60 metro hesidun lasterketan eta Jon Altuna 400 metrokoan dira beste parte hartzaileak.