Luzapenean lortutako garaipenek berdin balio dute

jon-altuna-egitegi 2015ko ots. 22a, 17:40
Saskibaloia eta emozioa eskutik helduta joan ohi dira askotan, markagailu estuak ikustea ohikoa izaten da. Eta jakina, larunbatean Ostadarreko neskek etxean lortu zuten garaipena bezalakoek aho-zapore gozo bikoitza uzten dute. Garaipenagatik, eta garaipena lortzeko egin beharreko lan eskergarengatik. Partidua 55-55 bukatuta, luzapenean 68-63 garaitu zuten Orioko. Asteburu oparoa izan da gainera Ostadarreko saskibaloi adarrararentzat, gizonezko seniorrek izan ezik, gainontzeko talde guztiek irabazi egin dutelako.

Oriokoren aurkako neurketa errendimenduko kadeteek azken aldian jokatzen dituzten guztiak bezalakoa izan zen, berdindua.

Gogotsu zelairatu ziren Ostadarreko neskak, Endika Marrahi entrenatzaileak azaldu bezala: “Beraiek jokaldi oso azkarrak egiten zituzten, bi paserekin saskiratzea lortzen zuten. Gure jokaldiak motelagoak izan ziren, luzeagoak eta gehiago kostatzen zitzaigun puntuak egitea”. 

Dena den, ondo eutsi zioten Oriokoren oldarraldiari: “Hirugarren laurdenean behera egin genuen pixka bat, baina buakaerara parekatuta iristea lortu genuen. Azken minutu eta erdian ez zen saskiratzerik izan eta 55-55eko emaitzarekin luzapenera joan ginen”. 

Luzapena erdi-lo hasi zurten Marrahirenek. Hasi orduko 5-0eko partziala jaso zuten, baina zaplastekoak esnatu egin balitu bezala, 10-0eko partzialarekin erantzun zioten bost puntu gora kokatu eta bi puntuak lortzeko.

“Oso gustura nago nesken lanarekin. Partidu serioa jokatu dute, sei-zazpi jokalarik maila bikaina eman dute, mormalean bi izaten diren bitartean. Kontutan hartu behar da lehen fasean hamar neurketa jokatu eta hiru irabazi genituela. Bigarren fase honetan, hiru partidu jokatu eta hirurak irabazi ditugu”, adierazi zuen Endika Marrahik. 

Gainontzeko emaitzak
Neurketa bakarra galdu du Ostadarrek asteburuan. Gizonezko seniorrak, III. probintziala: Mutriku 60 - 52 Ostadar. Kadete neskak, parte-hartzea: Bera Bera Zurriola 27 - 45 Ostadar. Kadete neskak, parte-hartzea (atzeratutako partidua): Hernani 26 - 90 Ostadar. Kadete neskak, errendimendua: Ostadar 43 - 41 Eskoriatza (luzapenean). Junior neskak, errendimendua: Internacional  55 - 64 Ostadar.