LOKEko judokak primeran Pasaian

Txintxarri Aldizkaria 2015ko aza. 24a, 11:54
Senior mailako Gipuzkoako txapelketan aritu ziren LOKEko judokak igandean, primerako emaitzak erdietsiz. Asier Sagastik eta Esteban Martinezek zilarrezko dominak kolkoratu zituzten, brontzezkoa Josu Olmosek eta bosgarren postuan sailkatu ziren Fermin Balda eta Haritz Urdangarin. Ion Arroyok eta Asier Zubizarretak berriz, ez zuten zorterik izan, maila ona eman arren.

LOKEko zazpi judoka aritu ziren igandean Pasaian, maila paregabea emanez. Bi zilarrezko domina, brontzezko bat eta bi bosgarren postu ekarri zituzten bueltan herrira.

Esteban Martinezek lortu zuen zilarrezko horietako bat, 81 kilo azpiko kategorian. Kalitate handiko borrokaldiak burutu zituen herritarrak, podioko bigarren mailara igoz. Asier Sagasti 23 urteko judokak erdietsi zuen bestea, hainbat borrokalditan ippon bikainak eginez. Brontzezkoa Josu Olmosek kolkoratu zuen 60 kilo azpikoen mailan; txapelketa ezin hobea burutu zuen hark ere.

Fermin Balda eta Haritz Urdangarinek ez zuten dominarik lortu, baina meritu handiko bosgarren postuak erdietsi zituzten biek, haiek ere kilate ugariko borrokaldiak eginez. Azkenik, Ion Arroyok eta Asier Zubizarretak maila ona erakutsi zuten, baina zortea ez zuten alde izan.

Azterketak Tolosan

Atzoko Gipuzkoako txapelketa ez zen izan LOKEko judokek asteburuan izandako kirol ekitaldi bakarra. Fermin Baldak, Iñigo Matxainek eta Mikel Lasak mailaz igotzeko azterketa burutu zuten larunbatean Tolosan. Hiruek gainditu zuten.

Balda eta Matxain Dan gerriko beltzaren 2. mailara pasa dira eta Lasa 1go mailara. Asier Sagasti eta Yeray Mendibe taldekideen laguntza izan zuten proba horietan.

Asteburu honetan Hernanin dute hitzordua judoka seniorrek; Euskadiko txapelketa jokatuko dute. Kadeteak berriz Zaragozara joango dira, Tagoya Kopan parte hartzera.