LOKEko atletak pistako denboraldian murgilduta

martin-vicioso 2017ko ots. 10a, 13:49
“Pozik” da LOKEko atletismo ataleko prestatzaile Oscar Goikoetxea asteburuko emaitzekin. Absolutu mailako pista estaliko Euskadiko Txapelketa jokatu zen Donostiako Antonio Elorza belodromoan, eta taldeko zazpi atleta lehiatu ziren.

Goikoetxeak nabarmendu duenez, “denek dituzte harro egoteko arrazoiak”. Emaitzagatik ez bada, markak hobetu dituztelako. 

Lau kilogramoko pisu jaurtiketan Maider Rekondok bigarren postua lortu zuen 11,41 metroko markarekin. Oihana Igarriz taldekidea bosgarren izan zen.

60 metro hesien lasterketari dagokionez, Eneritz Busto podiumetik gertu geratu zen. Laugarren denborarik onena markatu zuen: 8:94 segundu. Goikoetxeak azpimarratu du “sekulako maila” zegoela froga honetan. Izan ere, Busto eta bere aurretik geratutako hiruak absolutu mailako Espainiako Txapelketarako txartela lortu dute. Halaber, azpimarratzekoa da lasarteoriatarrak baino emaitza hobea lortu zuten hirurak bera baino zaharragoak direla.

Jauzi hirukoitzan LOKEko lau atletek hartu zuten parte. Ane Galardik eskuratu zuen markarik onena, laugarren izan baitzen 10.89 metroko jauziarekin. Naroa Furundarena –seigarren–, Nerea Loyarte –bederatzigarren– eta Nerea Oscoz –hamargarren– ere lehiatu ziren froga honetan.

Luzeera jauzian Naroa Furundarenak zazpigarren markarik onena egin zuen.

Erronka ugari aurretik

Bihar eta etzi Madrilen egingo den promesa mailako Espainiako Txapelketan lehiatuko da Ane Galardi jauzi hirukoitzeko frogan. Eneritz Bustok, berriz, hilaren  18an Salamancan egingo den absolutu mailakoan hartuko du parte.

Goikoetxea baikor da biek lor ditzaketen emaitzekin. Bustok, adibidez, “Europako Txapelketara sailkatzeko aukerak” dituela nabarmendu du.

“Nork bere buruari jarritako erronkak gainditzea espero dugu” azaldu du Goikoetxeak, nahiz eta denek “kirol emaitza” zehatzik lortzeko helbururik ez duten. “Kirolarekin gozatzea da funtsezkoena, eta hori bilatu nahi dugu lehenik”.

Kadete, jubenil eta junior mailatan marka onak lortzen dituzten atletek Euskadiko Txapelketarako txartela eskuratuko dute. Hilaren 25ean egingo da Donostiako Antonio Elorza belodromoan. Honekin eta martxoan zehar egingo diren Espainiako Txapelketekin emango diote amaiera pistako denboraldiari.

Erreleboa

Atzetik datozen gaztetxo kopuruarekin “gustora” daude. Aurreko urteetan baino gehiago dituzte. “Emaitzen gainetik, txikiek atletismoarekin gozatzea eta kirolan barneratzea” da garrantzitsuena, prestatzailearen ustez.

Lasarte-Oriako kirol instalakuntza berriak egiteko proiektuak eragin zuzena du LOKEko atletismo atalarengan. Pista osoa edukitzeak “entrenatzeko orduan lasaitasuna eta onurak” ekarriko lizkioke taldeari, ordutegia moldatzeko malgutasuna irabaziko luketelako, besteak beste. Halaber, Lasarte-Orian atletismo lehiaketa eta saioak hartzeko ateak ireki daitezke.

Pista berrian aldagela, biltokia eta harmailak izatea “egokia” ikusten du Goikoetxeak. Hala ere, ulertzen ditu proiektua aurrera eraman ahal izateko azaldu diren zailtasunak.