LOKE urratsez urrats, pista estaliko denboraldian

jon-altuna-egitegi 2015ko urt. 23a, 18:32
Hiru urrezko domina, zilarrezko beste hiru eta brontzezko lau eskuratu zituen LOKEk joan den asteko Gipuzkoako kadete, jubenil eta junior mailako atletismo txapelketan. Orain, bi asteko atsedena hartuko dute neska-mutilek lehiaketei dagokienez. Entrenatzen ordea, gogor jarraituko dute otsailaren 7an Euskadiko absolutu txapelketan maila ona emateko.

Oscar Goikoetxea LOKEko entrenatzaileak argi du: "Oraintxe sartu gara pista estaliko denboraldiko fase erabakigarrienean”. 

Hamar domina
Denera hamar domina jantzi zituzten Lasarte-Oriako atletek Gipuzkoako kadete, jubenil eta junior txapelketan. Urrezko hiru erdietsi zituen LOKEk, Maider Rekondok pisu jaurtiketan, Ane Galardik jauzi hirukoitzean eta Eneritz Bustok altuera jauzian. Zilarra kolkorartu zuten Idoia Olasagastik 200 metroko proban, Yeray Veronizek 60 metroetan eta Ane Galardik luzera jauzian. Brontzea azkenik, Eneritz Bustok luzera jauzian, Xalba Otxandorenak altuera jauzian, Asier Olmosek 400 metroetan eta Maria Eugik 200ean. 

Markak pilatzen
Pista estaliko denboraldia hasi denetik, taldeko markarik esanguratsuena Eneritz Busto atletak lortu du. 60 metro hesietan 8,95 segunduko denbora eginda, Espainiako rankingeko buru jarri da, jubenil mailan. “Lortu duen markarekin martxoan izango diren Espainiako txapelketako finalean egon beharko luke”, adierazi du Oscar Goikoetxea prestatzaileak.

Espainiako txapelketarako gutxienekoa egin duen beste atleta bat Ane Galardi da. Jauzi hirukoitzean 11,32 metroko saltoa eginda, Valentzian egingo den junior txapelketarako txartela eskuratu zuen. Yeray Veroniz abiadura-lasterkariak ere egin du Espainiakoetarako gutxieneko marka 60 metroetan, kronoa 7,20 segundoan geldituta. 

Maria Eugi eta Idoia Olasagastik oraindik “gora” egingo dutenaren itxaropen dauka Oscar Goikoetxea prestatzaileak eta “hobetzeko tartea” badutela uste du.

Asier Olmosek marka pertsonala egin zuen 400 metroetan 55,58 segundorekin eta Maider Rekondo 10,70 metrorekin gutxienekotik 30 zentimetrora dago pisu jaurtiketan. Oihana Igarriz eta Amaia Hartoren lanarekin ere gustora zen Goikoetxea: “askotan markek baino, jarrerak balio du”.

Itoitz Rodriguezen lesioa
Era berean, albiste txarrak ere utzi ditu 2014/2015eko pista estaliak. Itoitz Rodriguez Realeko atletak bigarren graduko haragi-etena izan zuen iskiotibialetan komunitate arteko txapelketan, 4x200 proba egiten ari zela. “Ongi sendatu dadin da lehentasuna. Pista estaliko denboraldia galdu egingo du, baina aire librean Espainiako onenen artean ibili beharko luke, azken urteotan bezala”, dio Goikoetxeak. Asier Eizagirre pisu-jaurtitzailea ere geldirik dago aspaldian, belauneko minez.

Dena den, berri onak ere badira. Iñigo Sevillano Realeko atletak 60 metro hesietan 8,57 segundoko marka egin zuen joan zen astean, azken bost urteetako denborarik onena erdietsita. Gaizka Ormazabal Super-Amara BATeko atletak berriz, 400 metroetan ondu zuen aurretik zuen denbora, 50,66ko marka lortuta.

Euskadiko Kopa: Bihar, arratsaldeko 16:30etik aurrera Donostiako Antonio Elorza Belodromoan jokatuko da Euskadiko Kopa. Super Amara BAT taldeko Gaizka Ormazabalek 200 metroetako proba egingo du eta Realeko Iñigo Sevillanok berriz, 60 metro hesietan hartuko du parte. LOKEko nesken taldea ez da Euskadiko pista estaliko taldekako txapelketa garrantzitsuenera sailkatu.