Leire Martin ederki A Coruñan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 22a, 15:15
Alebinen Espainiako txapelketan aritu zen Buruntzaldea IKTko igerilari gaztea pasa den asteburuan. Ostiralean eta igandean lehiatu zuen Martinek, 400 eta 200 estiloetan hurrenez hurren.

Primeran aritu zen Buruntzaldea IKTko igerilaria bi egunetan. Ostiraleko proban 5 segundotan hobetu zuen marka pertsonala: 5 minutu, 45 segundo eta 65 ehunekotan geratu zuen kronometroa. Marken arabera, zerrenda bat egin zuten txapelketa hasi aurretik eta 43. postuan zegoen Martin. Joan den ostiraleko proba eta gero, 16.era egin zuen jauzi. Era berean, taldeko errekor berria ezarri zuen 12 urtekoen eta absolutuen mailan.

Ostiralean erakutsitako maila berretsi zuen Martinek igandean, 200 estiloetako proban. 2 minutu, 42 segundo eta 67 ehuneko behar izan zituen ibilbidea osatzeko; soilik 10 ehunekogatik geratu zen finaletik at. Marka pertsonal berria ezarri zuen eta taldeko errekor berria ere bai, 12 urtekoen mailan.

“Estreinakoz lehiatu du Leirek igerileku luzean eta Espainiako txapelketa batean eta emaitza bikainak erdietsi ditu; oraindik ikasteko asko daukan arren, etorkizunera begira igerilari aparta izan daitekeela erakutsi du”, adierazi du Borja Apeztegia prestatzaileak.

Izena emateko azken egunak

Datorren urtean Buruntzaldea IKTko kideekin batera igeri egin nahi dutenek aukera dute oraindik 2015-2016 denboraldian matrikulatzeko. Uztailaren 26an amaituko da epea. Buruntzaldea IKTren webgunean bete beharko dute izen-emate orria interesa dutenek: ‘Izen emateak’ atalean sartu eta ‘Lasarte-Oria’ klikatu beharko dute. Horrez gain, albiste honekin batera doan bidi kodea eskaneatu daiteke eta web orrialdera eraman gero.

Denboraldia irailaren 14an hasiko da; lehen entrenamendu eguna da hori (hilaren 15ean hasiko dira batzuk, entrenatzeko dituzten ordutegi eta egunen arabera). Buruntzaldea IKTk jakinarazi ditu jada 2008an, 2007an eta 2006an jaiotako haurren ordutegiak zeintzuk izango diren. Astearte eta ostegunetan entrenatuko dute 2008koek, 17:30etatik 18:15era; 2007koek astelehen eta ostiraletan izango dituzte saioak, 17:30etatik 18:30etara; 2006koek ordutegi bera izango dute eta astelehen, asteazken eta ostiraletan entrenatuko dute.

Gainontzeko adinetako igerilariek zein egun eta ordutan entrenatuko duten jakiteko, web orrialdean begiratu edo 696 506 632 telefonora (Borja Apeztegia) hots egin beharko dute.