Leire eta Ainhoa Martin ahizpa bikiak Caceresen, Espainiako CSD Txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 27a, 18:21
Bi alebin gazteek Euskal Selekzioarekin lehiatu dute pasa den asteburuan

Ainhoa Martin 100 tximeleta eta 200 bizkar frogetan aritu zen eta bietan markak hobetzea lortu zuen. 100 tximeleta frogan 27. sailkatu zen 1'26''64ko marka eginez eta 200 bizkar frogan ere postu bera eskuratu zuen 2'56''18 markarekin.

Bere ahizpa bikia Leire, berriz, 100 bizkar eta 800 librean aritu zen. Leirek, bere banakako frogez gain 4x200 libre eta 4x100 libre errelebuetan ere hartu zuen parte. 100 bizkar frogan bere aurreko marka ia 5 segundutan hobetzea lortu zuen 1'17''29 eginez eta 17. postuan sailkatuta. 800 librean ere errepaso handia eman zion bere aurreko markari, 10''43''40 markarekin aurrekoa minutu erdian baino gehiago hobetu baitzuen herritarrak.

Sailkapen orokorrean, Euskal Selekzioa 9. izan zen nesketan asturiarrekin berdinduta, mutilak 8. izan ziren. Sailkapen bateratuan ere, Euskadi 8. izan zen.

“Marka ederrak eta batez ere esperientzia berri eta motibagarria bi ahizpek bizitakoa, zorionak biei”, adierazi du Borja Apeztegiak Buruntzaldea IKTren izenean.