Lehiaketara itzulera bikaina

Txintxarri Aldizkaria 2016ko api. 29a, 12:30
Buruntzaldea IKTko igerilarien lehiaketara itzulera nekez izan zitekeen hobea. 22 marka pertsonal eta hiru taldeko errekor berri zakuratu zituzten GIF 1 sarian eta Udaberriko ligako lehenengo jardunaldian.

“Udarako xedeei begira, pixkanaka, lanean jarraituko dugu, denboraldiaren amaierarako ahalik eta onena emateko”, nabarmentzen du Borja Apeztegia prestatzaileak.

1go GIF saria Anoetan

Anoetako igerileku luzean aritu ziren bederatzi igerilariek –Mikel Esnal, Iñigo Ibarburu, Itsaso Tolosa, Nahia Jie Villamediana, Nora Irazusta, Leire Carcedo, Jon Ibargoyen, Beñat Alkorta eta Irati Arzalluzek– hamabost marka pertsonal eta hiru taldeko errekor berri erdietsi zituzten. Absolutu mailako errekorra birrindu egin zuen Ibarburuk, 1.500 libreen proban; 17:05:18ko denbora egin zuen. 

Udaberriko ligaren hasiera

Bikain egin zuten igeri Hernaniko kiroldegian Udaberriko ligako aurreneko jardunaldian  parte hartu zuten zazpi igerilariek –Unai Idigoras, Daniel Herranz, Ane Otegi, Jon del Rio, Ibane Otaegi, Joel Lopez eta Maria Garasak– beste hainbeste marka pertsonal berri erdietsi zituzten.

Bestalde, aipatu behar da alebinak teknifikazio jardunaldia burutu zutela, Gipuzkoako Federazioak antolatuta, Bergarako kiroldegian. 

Benjaminen ligari amaiera bihar

Buruntzaldea IKTko igerilari gaztetxoenek bihar bukatuko dute KZL/Test liga: bosgarren eta azken jardunaldia jokatuko dute Ordiziako Majori kiroldegian, arratsaldeko lauetatik aurrera.