Lehenengo garaipena, Darioren aurkakoa (17-22)

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 16a, 18:34
Arteaga II.ak primeran ekin dio Promozioko buruz buruko txapelketari: Dario errioxarra 17-22 hartu zuen mendean, atzo, Ikaztegietako pilotalekuan.

Promozioko binakako txapelketan Jon Erasun zizurkildarrarekin batera lortutako txapela kasik disfrutatzeko astirik gabe, buruz buruko txapelketari ekin dio Axier Artegak. Txapelketa prestatzeko apenas denborarik izan duen arren,ongi ekin dio: Dario errioxarra hartu zuen mendean atzo arratsaldean, Ikaztegietako pilotalekuan jokatutako neurketan. 17-22 nagusitu zen lasarteoriatarra, aurtengo faboritoetako bat dela argi utziz.

Paretsu aritu ziren bi pilotariak neurketa osoan: lehenengo atsedenaldira Dario joan zen aurretik, 12-11. Lasarteoriatarrak ez zuen amore eman, ordea, eta bigarren atsedenaldirako buelta eman zion markagailuari, 16-18. Hortik bueltan, bera izan zen nagusi, 17-22 irabazteraino. Orain, Irustarekin neurtuko ditu indarrak final laurdenetan. Irustak 22-21 hartu zuen mendean Erasun final zortzirenetan.