Lasterka, gurpildun aulkian...eta irristaka

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 26a, 19:00
Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiak urtero dakartza sorpresa eta ideia berriak. Aurten, azpimarragarrienetako bat da patin-lasterkariak ariko direla lehenengoz. Antolatzaileek zehazten dutenez, probaldi modura prestatu dute: 30 bat patinatzaile trebe etorriko direla aurreikusten dute, zenbait lasarteoriatar tartean. Emaitza ikusi, balorazioa egin, eta etorkizunean mantendu eta izen-ematea zabaldu ala ez erabakiko dute.

Lasterka, gurpildun aulkian... eta irristaka. Aurten, kroseko ibilbidea burutzeko hainbat modu egongo dira. Horien artean, bat da berria: lasterketa irristaka burutzearena, patinak jantzita. 

Jarraitu aurretik, zehaztapen bat: erakustaldi modura egingo dute, ez da izango ohiko lasterketa bat. Beraz, modalitate horretan parte hartuko duten patin-lasterkariak antolakuntzak gonbidatuko ditu. Trebeak, esperientziadunak eta maila onekoak izango dira. Froga prestatzen dabiltzan kideek azpimarratu dutenez, 30 bat izango dira. Horietako batzuk herritarrak izatea aurreikusten dute. Frogaren azken xehetasunak fintzen ari dira, iganderako dena prest edukitze aldera.

Patin-lasterketaren probaldia egin eta gero, ikusiko dute emaitza zein den, eta balorazio bilera bat egingo da, datorren urteetara begira izen-ematea herritar denei irekiko zaien ala ez ikusteko. 10:30ean hasiko da krosa, eta patinatzaileak lasterkari eta gurpildun aulkietako kirolariekin batera itxarongo dute helmugan. Gurpildun aulkietakoak bi minutu lehenago aterako dira, eta minutu eta erdi lehenago patin-lasterkariak.

Bi taldetxo

Irristaka ariko diren hogeita hamar bat pertsona horiek bi taldetan banatuko dituzte, daukaten mailaren arabera. Ibilbidea ere bi zatitan banatuko dute. Martin Berasategui jatetxeko aldapa zeharkatu arte neutralizatua izango da, eta ordutik aurrera ez. 

Arestian aipatu bezala, lasterketa probaldi gisara prestatu dute aurten, eta patin-lasterkari trebe horiek nola moldatzen diren ikusi nahi dute, etorkizunean zer egin erabakitzeko.

“Gure inguruan hedatzen ari den modalitatea da patin-lasterketena, askoz ere minoritarioagoa zen lehen. Hainbat probatan ikusi dezakegu; adibidez, Behobia-Donostian. Asmoa da aurten krosean froga moduko bat egitea, ikusteko datozen urteetan Lasarte-Orian patin-lasterketa bat antolatu dezakegun ala ez”, nabarmentzen dute antolatzaileek. “Era berean, diziplina hau ikusarazi nahi dugu herrian”, gehitzen dute.

Lau talderekin harremanak

Herritik gertu hainbat talde aritzen dira patinekin irristaka. Horietako laurekin jarri dira harremanetan antolatzaileak: DonostiRoller, Tolosako Irristaka, Donostiako Itsasmendi eta Bera Beraren alorretako batekin. Gure herrira etorriko diren patinatzaile-kopurua zehazteke dago oraindik, baina antolatzaileek kalkulatzen dute guztira hogeita hamar bat izango direla, zenbait lasarteoriatar tartean izango direlarik.

Balorazioa, gero

Antolatzaileen artean, lantalde bat sortuko dute patin-lasterketak igandean ematen duena aztertu eta baloratzeko. 

“Aztertuko dugu nola joan den eguna, patinatzaileak nola moldatzen diren ibilbidearekin... eta etorkizunean lasterketa bat antolatu eta izen-ematea herritar guztiengana zabaltzen dugun ala ez”, azpimarratzen dute antolatzaileek. “Martin Berasategiko aldapa patinekin jaisteak teknika eskatzen du, eta etorkizunean erabakitzen badugu lasterketa herrira irekitzea, agian patinatzaileentzat ibilbidea egokituko dugu”. 

Aurtengo Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiak, beraz, badauka beste arretagune interesgarri bat: patin-lasterketa. Hori bai, gogoratu bezperako gauean ordua aldatuko dela, eta 03:00etan 02:00ak izango direla. Pena litzateke erakustaldia horregatik galtzea!