Lasarte-Oriako III. Padel Txapelketa martxan da

martin-vicioso 2017ko urt. 20a, 10:36
40 bikote –gizonezkoen 34 eta emakumezkoen 6– arituko dira guztira 2017ko Padel Txapelketan. Sortu berri den Padelo taldeak antolatu du aurten lehiaketa, eta jardunaldi bakoitzak bi asteko iraupena izango du.

Asteburuan hasi zen Lasarte-Oriako III. Padel Txapelketa. Guztira, 40 bikote arituko dira, lehengo urtean baino lau gehiago.

Gizonezko bikoteak hiru mailatan banatu dituzte antolatzaileek. Lehenengoan hamar bikotek hartuko dute parte eta bigarrengoan eta hirugarrengoan hamabina. Emakumezkoen kategorian, berriz, sei leihatuko dira.

Bikoteak mailakatzea aurtengo berrikuntza nagusia da. Batetik, “partiduak orekatuagoak eta dibertigarriagoak” izatea espero dute. Halaber, uste dute “igotzeko eta jaisteko aukera egoteak lehia erakargarriagoa” bihurtuko duela. Aurreko urtetako emaitzak kontuan hartuta eta “zentzuz” diseinatu dituzte lehiaketako hiru dibisioak. 

Martxan
Pasa den asteburuan hasi zen txapelketa Maialen Chourraut kiroldegi ondoko pistan. Antolatzaileek azaldu dutenez, ostiral arratsaldetik igande goizera jokatuko dira hamar partidu.Hala, jardunaldi bakoitzak bi aste iraungo ditu. “Ordu eta erdiko partiduak jokatzen ditugu, eta pista erabili nahi duten herritarrei ere tartea utzi behar diegu”, azaldu du antolatzaile Ruben Amenabarrek.
“Pozik” daude orain arte egindako lanarekin. “Urtetik urtera parte hartzaile gehiago ditugu, eta interesa duen jendea kanpoan geratu behar izaten da”. Etorkizunean Lasarte-Orian egingo dituzten kirol instalakuntzen hobekuntzan “padela kontuan hartzeko” eskatu dute. Izan ere,  nabarmendu dute “pista bakarrarekin 80 pertsona mugiarazteko gai” direla.

Padelo kluba
2016ko abenduan sortu zuten Padelo kluba eta, hemendik aurrera, haiek arduratuko dira Padel Txapelketa antolatzeaz. Ruben Amenabar, Iñaki Rekondo, Xabi Ansa eta Jon Izeta dira ordezkariak. 
Gipuzkoako beste klub batzuetan aritzen ziren orain arte, beste lasarteoriatar asko bezala. Azaldu dutenez, helburua ere bada “kanpoan padelean jokatzen zuten lasarteoriatarrak batzea” 
Jokoa hobetzeko asmotan diren herritarrentzat entrenamenduak antolatu dituzte entrenatzaile federatuekin; hasiberrientzat eta dagoeneko maila dutenentzat.

Txikiekin lanean aritzeko gogoak ere badituzte, baina aitortu dute “zailagoa” dela. Adierazi dutenez, “ekainetik ekainerako egutegia” dute umeek, eta jadanik “nahiko betea” daukate.

Hala ere, udara iritsi aurretik jardunaldi ireki batzuk antolatuko dituzte, “kirola froga dezaten”. Rekondoren eta Amenabarren ustez, Padelorentzat  “garrantzitsua” da gaztetxoen artean padela sustatzea. Azaldu dute, orain arte, “gehienbat nagusiek jokatzen zuten kirola” dela. Datozen urtetarako erronka badute, beraz, txikien artean kirola zabaltzen.

Gipuzkoa mailan lehiatzeko asmoa ere badute Padeloko kideek, baina nabarmendu dute Federazioa “orain hasi dela klub arteko lehiaketen antolakuntzan”. Beraz, itxaron beharko dute txapelketek forma hartu artean. Pista bakarra edukitzea “arazo” izan daitekeela uste dute, baina sor litezkeen eragozpenak konpontzenko itxaropentsu dira.

Urte gutxitan pauso handiak eman ditu padelak Lasarte-Orian, Txapelketaren garapenarekin eta klubaren sorrerarekin. Kirol hau herriko erreferentzia bihur dadin jarraituko dute lanean Padeloko kideek.