'Kirola denontzat', Ostadar Kirol Egokitu sailaren eskutik

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 19a, 13:30
Ostadar SKTren Kirol Egokitu sailak 'Kirola Denontzat' ekitaldia prestatu du igande honetarako. Urritasunen bat izan edo ez, herritarrak gonbidatuta daude Maialen Chourraut Udal Kiroldegira joatera, 9:15etik 12:30era, kirolaz gozatzera. Parte hartzeko 8 eta 12 urte bitartean edukitzea gomendatzen dute antolatzaileek.

Kirol-igande ederra izango da aste honetakoa, besteak beste, Ostadar SKTren Kirol Egokitu sailak 'Kirola denontzat' ekimena prestatu duelako. 9:15ean hasi eta 12:30era arte, multi-kirol ginkana batean modalitate desberdinez gozatu ahalko dute herritarrek. Antolatzaileek zehaztu dute parte hartzeko adin-tarte gomendatua 8 eta 12 urte artekoa dela. Edonork ahalko du parte hartu, urritasunen bat eduki edo ez.

Maialen Chourraut Udal Kiroldegian egingo dute aipatu ekitaldi hori. Ostadar Kirol Egokituko arduradunek azpimarratu dute doakoa izango dela sarrera, eta parte hartzen duten guztien artean zozketa bat egingo dutela. Era berean, ahaide eta lagunak ere joan ahalko dira ekitaldiaz gozatzera, harmailak irekita egongo baitira ekimenak iraun bitartean.

Edozein zalantza edukiz gero, ostadar.inklusioa@gmail.com helbide elektronikora idazteko eskatu dute arduradunek.