Junior neskak pausoz pauso

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ots. 7a, 19:21
Ostadar SKTko Junior taldea ederki dabil Euskal Ligako bigarren multzoan. Atletico San Sebastian taldearen aurka lehen partida irabazi ostean, aste honetan ere garaipena erdietsi du etxean, 66-64.

Ander Otaegiren neskak hurrengo ikasturtean Euskal Ligan mantentzeko pausoak ematen ari dira.  “Bi partidak irabazi dituen talde bakarra gara. Beraz, oso ondo goaz. Fase honetan lehenengo edo bigarren geratzea da helburua eta horrela, mailari eutsiko genioke,” adierazi du Ostadarreko entrenatzailek.

Partida berdindua

Gasteizko San Viator taldea izan zuten Ostadarreko neskek aurrez aurre. “Uste baino hobeagoak ziren,” onartu du Ander Otaegik.

Bi taldeak indartsu atera ziren garaipenaren bila. Lehen zatian, Ander Otaegiren neskek tarte txikia ireki zuten. Baina ezin izan  zituzten arerioaren erasoak gelditu eta berdinketa lortu zuten gasteiztarrek.

Partida oso berdin mantendu zen, herriko taldeak indarrak hartzen zituen eta gasteiztarrek berdintzea edo markagailuari buelta ematea lortzen zuten. “Momentu batean hiru hiruko jarraian sartu zituzten”.

Azken minutura arte mantendu zen berdinketa eta orduan Ostadarrek saskiratzea egin eta puntuak etxean geratu ziren.

Hurrengoa ere etxean

Hurrengo asteburuan ere, maila honetako partidaz gozatu ahalko da kiroldegian, Getxo taldearen aurka jokatuko dute herritarrek. “Partida borrokatua izango da hori ere, aste honetan garaipena erdietsi dute,” azaldu digu entrenatzaileak.