Lehenengo porrota Michelinen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2015ko urt. 24a, 21:37
Zazpi garaipen eta berdinketa bat. Gaur arte horiek ziren Javi Solchagak eta Ibai Etxaidek zuzendutako taldearen estatistikak Michelinen. 1go fase osoan eta igoera fasean ez dute porrotik erdietsi etxean gaur arte. 2-3 galdu dute Dunboa Eguzkiren aurka. 6 puntu ditu Ostadarrek, igoera fasean lau partidu jokatu ostean.

Aukera polita zuten gaur Javi Solchaga eta Ibai Etxaideren mutilek igoera faseko goiko postuetan jarraitzeko, baina ezin izan dute Irungo Dunboa Eguzki garaitu. 4 puntu zituen kanpoko taldeak, eta gaurko garaipenarekin Ostadarren gainetik jarri da. 7 puntu dituzte orain Irungoek, eta 6 Lasarte-Oriakoek. Laugarren jardunaldia izan da gaurkoa.

Atsedenaldian 0-2

45 minutuko bi zati jokatzen dituzte jubenilek ere, baina ziur asko gaur eskertuko lukete 40koak izatea. Dunboa Eguzkik etxeko taldearen bi akats baliatu ditu atsedenaldira 0-2koarekin joateko. 42. eta 44. minutuan sartu ditu bi golak, alboko sake eta falta jaurtiketa bat baliatuta.

Ordura arte nahiko orekatua izan da partidua, baina Dunboa Eguzkik eduki ditu aukera garbienak, Ostadarren areatik gertu zenbait baloi lapurtu dituelako. "Gure ohiko jokoa egiten saiatu gara, baloia atzeko lerrotik jokatzen, baina gaur ez gara beste batzuetan bezain fin ibili. Dunboakoek oso aurrean presionatu dute eta zenbait baloi galdu ditugu", adierazi du Ostadar SKTko entrenatzaile Javi Solchagak. Ostadarrek ere eduki du aukeraren bat: eskuin hegaletik sartu da Dani eta erdiraketa ona egin du, baina Pablo Ramak ez du errematean asmatu.

Nahi, baina ezin

Bigarren zatia emozioz beterikoa izan da, 60. minutuan Pablo Ramak 1-2koa jarri baitu markagailuan. Horrek indarra eman dio Ostadarri, gogotik saiatu da, baina ongien zeudenean Dunboaren hirugarrena etorri da, falta jaurtiketa batean hori ere. Dena den, Beni Benitezek handik minutu pare batera 2-3koa jarri du markagailuan, partiduari emozioa emanez. 

Solchaga eta Etxaideren mutilak bukaerara arte saiatu dira berdinketaren gola sartzen, baina aukera garbiren bat eduki arren ezin izan dute helburua lortu. Aipatu behar da ere bai Dunboakoek denbora dexente galdu dutela bukatzeko gutxi falta zela, partiduaren erritmoa moztu eta minutuak aurrera joan zitezen. Futbola da hori ere. 

Ohorezko mailara jauzia prestatzen

Ostadar SKTko hiru jokalari ezik, beste guztiak lehenengo urtekoak dira. Beste hiruak, bigarren urtekoak. Dunboa Eguzkikoak berriz, hirugarrenekoak gehienak. "Adin-tarte hori partidu askotan nabaritzen da", azpimarratu du Solchagak. Dena den, beste behin aurpegia eman dute Ostadarreko mutilek eta garesti saldu dute porrota. Azken minutura arte lehiatu dute. Solchagak nabarmendu du hori dela aurten talde honek duen helburu nagusia, lehiatzea: "Aurten gurekin dauden jokalari asko Ohorezko mailako taldera igoko dira datorren urtean, eta jauzi hori emateko prestatu behar ditugu, partidu guztietan lehiatuz". Dena dela, taldeak ez dio uko egiten igotzeko borrokan aritzeari, jokalariek beraiek xede bezala "hiru lehenengoen artean" geratzea jarri baitute. "Ikusiko dugu helburua betetzeko gai garen ala ez", esan du Solchagak.

Lehenengo bi postuetan geratuko balira, zuzenean igoko lirateke Ohorezko mailara, baldin eta Ohorezko mailako taldeak Jubenilen Euskal Ligarako txartela lortzen badu (horretarako borrokan ari dira, hirugarren doaz 33 punturekin). Hirugarren geratuko balira, kanporaketa bat jokatu beharko lukete beste multzoko hirugarrenaren aurka. Bi multzo ditu igoera fase honek, eta 10 talde daude bakoitzean. Dena dela, lehen esan bezala, igoera lortzeko bi baldintza dira ezinbestekoak: lehenengo hiruen artean sailkatzea eta Ohorezko mailako taldea Euskal Ligara igotzea. 

Denborak esango du Solchaga eta Etxaideren mutilek euren helburuak lortzen dituzten ala ez. Baina ez dute amore emango eta gogotik lehiatuko dira, ziur.

Fitxa teknikoa: Julen Ormazabal; Dani (Arkaitz), Ibai Olaizola, Alvaro Barquero (Txistu), Iñaki Sueskun (Herrera); Samu Ferreira, Unai Iribar, Fernando Martin (Agirre); Pablo Rama, Jokin Otamendi (Jagoba Mendizabal) eta Beni Benitez.

Asteburuko emaitzak

Asteburu honetako jardunaldia ez da onena izaten ari Ostadar SKTk hainbat kategoriatan dituen taldeentzat. Fin aritu dira Emakumezko Erregional, Ohorezko Infantil eta Ohorezko erregional taldeak: 1-0 hartu zuten mendean Bergara emakumezkoek, eta infantilek hiru puntuak ekarri zituzten Oiartzuni 1-4 irabazi ostean. Ohorezko erregionalak berriz, urrezko hiru puntu ekarri ditu Lesakatik. Oso garrantzitsua zen gaurko partidua, Ostadarrekin batera maila mantentzeko lehian ari diren talde gehienek galdu egin baitute jardunaldi honetan. 2-3 irabazi dute Beti Gazteren aurka, eta jaitsiera postuetatik 3 puntu goitik jarri dira. Elgoibar hartuko dute Michelinen datorren jardunaldian.

Euskal Ligako kadeteek merituzko berdinketa erdietsi zuten Danok Bat boteretsuaren aurka, baina 2-2koaren ostean poltsikoratutako puntuak ez die askorako balio; garaipenak behar dituzte sailkapeneko zulotik irteteko. Kadete 1go mailako mutilek bina berdindu dute gaur eguerdian Donostiako Antigua Luberriren aurka. 

Zortea ez dute aldeko izan Infantil Txikiek eta Jubenilen Ohorezko mailako taldeek. 7-0 galdu dute infantilek Oriokoren aurka, eta 4-0 jubenilek Oiartzunen aurka. Datorren jardunaldian aukera izango dute asteburu honetako aho zapore txarra kentzeko.