Jardunaldi borobila Ostadar SKTko saskibaloi taldeentzat

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 15a, 19:21
Garaipen baliotsuak lortu zituzten talde gehienek, fase erregularrak amaitzear direlarik

Emaitza onak eskuratu zituzten Ostadar SKTko saskibaloilariek pasa den asteburuan. Sei taldetatik bostek lortu zuten garaipena.

Errendimenduko juniorren arteko derbia jokatu zen larunbat arratsaldean, eta lehenengo taldeak poltsikoratu zuen norgehiagoka, 58-35. Gauzak horrela, bigarren da Ander Otaegik zuzendutako taldea, liderraren puntu berberekin.

Gizonezko seniorrak liga erregularra amaitzeko jardunaldi baten faltan dira, eta igoera fasea jokatzeko txartela jadanik eskura dute. Larunbatean Mutriku 58-51 menpean hartu zuten eta lehen posturako lehian daude.

Parekotasun handia dago emakumezkoen senior kategorian. Laugarren postuan da Ostadar SKT, baina hirugarren eta zazpigarren kosken artean bi punturen aldea dago soilik. Beraz,  datorren astean partidu garrantzitsua jokatuko dute lasarteoriatarrek.

Kadeteek, bere aldetik, bere norgehiagokak irabazi zituzten, aurreko astean hasitako bolada onari jarraipena emanez.