ISU Leihoak garaile ligako lehen partiduan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ira. 26a, 18:30
Gipuzkoako areto futboleko lehenengo mailan, derbi erakargarria jokatu zuten Lasarte-Oriako Cecilia Kebab Lasarte Ostadar eta ISU Leihoak taldeek udal kiroldegian, larunbatean. Jokoaren hasieratik, etxeko taldea mendean hartu zuen ISU Leihoakek eta partida guztian zehar defentsa eta atakean egindako lan onari esker, markagailuan bat eta bosteko aldearekin norgehiagoka irabaztea lortu zuen ISU-k.

Larunbatean herriko areto-futbol taldeen arteko norgehiagoka izan zen, herriko Udal kiroldegian. ISU Leihoak eta Cecilia Kebab Lasarte Ostadar taldeek, areto futbol partidua jokatu zuten, eta norgehiagoka honek, Gipuzkoako lehen mailako ligari hasiera eman zion.

Hasieratik partidu nahiko taktikoa izan zen larunbatean Lasarte-Oriako Udal kiroldegian bi taldeek jokatu zutena. Lehenengo zati osoan, ISU Leihoak taldea izan zen nagusi. Jokoa hasi eta 20. minutuan, lehenengo gola sartu zuen ISU-k eta Cecilia Kebab Lasarte Ostadar taldeak egoerari aurre hartu nahi izan bazion ere, etxeko taldea markagailuan atzetik zela joan ziren deskantsuko tartera. 

ISU, aldea zabaltzen

Partiduaren bigarren zatiari hasiera eman eta minutu gutxira, Cecilia Kebab Lasarte Ostadar taldeak egindako akats batzuen ondorioz, ISU Leihoak taldeak bigarren gola sartzea lortu zuen eta markagailuan huts eta bikoarekin mantendu ziren aurretik.

Etxeko taldea gogor saiatu zen bere jokoa aurrera eramaten, baina ez zuen aukera handirik izan nahi zuen jokoan aritzeko. ISU Leihoak taldea defentsa lanetan ondo aritu zen partidu osoan zehar eta jokalariek egindako defentsa zein atakeko lan onari esker, beste hiru gol sartzea lortu zuten partidaren bigarren zatian. 

Gauzak horrela, markagailuan huts eta bosteko aldearekin nagusi zen ISU Leihoak. Partida amaierara iristear zela ordea, etxeko taldeak inolako aukerarik ez zuela uste bazen ere, Javi Vecilla kapitainak, ohorezko gola sartzea lortu zuen, azken minutuan. 

Cecilia Kebab Lasarte Ostadar taldeak beraz, gol bat gehitu zuen bere markagailuan eta bat eta bosteko aldearekin ISU Leihoak taldeak eskuratu zuen garaipena. Hasiera ezin hobea eman zion beraz ISU Leihoak taldeak areto futboleko Gipuzkoako lehenengo mailako ligari. 

Larunbateko partiduan, hala ere, jokalari bat baino gehiagoren baja izan zuten eta hori kontua hartu eta denboraldi hasiera dela gehituaz, oraindik landu beharreko zenbait gauza ere badauzka taldeak. Cecilia Kebab Lasarte Ostadar taldea berriz, aurten igo berri da Gipuzkoako areto futboleko bigarren mailatik lehenengo mailara eta lan handiagoa egin beharko du emaitza hobeak lortu eta maila gorenean mantentzeko. 

ISU Leihoak taldeko Jon Arocena, Alfonso Molinero, eta Jon Merino izan ziren larunbateko partiduan golak sartu zituzten jokalariak eta Cecilia Kebab Lasarte Ostadar etxeko taldean berriz, Javi Vecilla kapitaina izan zen goleatzaile.

3. Mailakoen bigarren porrota

Josean Jimenezen taldeak punturik pilatu gabe jarraitzen du, baina ez merezi ez dituelako. Pasa den larunbatean Otxartabe CD taldearen kontra jokatu zuen, eta azken minuturaino dena eman arren, ezin izan zuen talde bizkaitarrarekin; 4-2 galdu zuten urdin-beltzek.

Lehenengo zatian bi taldeek eduki zituzten aukerak, biek egin zituzten merituak golak sartzeko, eta ez zen harritzekoa izan banako berdinketarekin iristea atsedenaldira. Etxeko taldea aurreratu zen 10. minutuan, baina Mauroren gol bati esker, herritarrek banakoa eskuratu zuten.

Bigarren zatian lehiak jarraitu zuen, baina etxeko taldea izan zen gol gehien sartu zituena. 40. minutuan lortu zuten 2-1ekoa, eta bost minutu faltan 3-1ekoa. Ostadarrek ez zuen amore eman, eta Asierrek 3-2koa sartu zuen. Berdinketaren bila itsu-itsuan joanak zirenean, kontraeraso batean, Otxartabek erabakita utzi zuen norgehiagoka, 4-2koa eskuratuz.

Herriko txapelketako emaitzak

Iragan asteburuan hasi zen herriko XXXIV. areto-futbol txapelketa. Emaitzak hauek izan dira: Reformas Lagunak 3-0 Also; Ibaros Latino 1-5 Kebab Taberna; Aita Amari Taberna 5-3 Viña del Mar; Urdaneta HK 3-2 Ilargi Taberna; Kattagorri Insausti 6-4 Trumoi; eta Indaux 0-7 Txoko Taberna.