Iraia Iparragirrek hasi ditu aurredenboraldiko entrenamenduak Realarekin

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 29a, 13:00
Hilabete hasieran jakinarazi zuen Realak herriko jokalari Iraia Iparragirre fitxatu zuela, emakumezkoen lehen talderako. Entrenamenduak astelehenean hasi zituzten, Zubietako Z-5 zelaian.

Astelehenean ekin zion 2015-2016 denboraldia prestatzeari Realak. Zubietako Z-5 zelaian elkartu zen lehenengoz emakumezkoen lehen taldea, arratsaldeko 18:30ean. Sasoiko lehen talde argazkia atera ostean Igor San Miguel entrenatzailearen aginduetara jarri ziren jokalariak. Horien artean egon zen Iraia Iparragirre herritarra, hilabete hasieran fitxaketaren berri eman ostean. 

Añorgan jokatzen eman ditu Iparragirrek azken lau urteak. Emakumezkoen Bigarren Mailan makina bat partidu jokatu ditu jada nahiz eta oraindik 19 urte besterik ez dituen. Aurtengoan Lehen Mailara egingo du salto atzelari gazteak.

Konzentrazioa Andorran

Zubietan entrenatzen pasako dute lehenengo astea Realeko jokalariek, eta abuztuaren 3an Andorrara abiatuko dira. Bost egunez egongo dira bertan eta 7an itzuliko dira Donostiara. Hilaren 14an jokatuko dute lehen lagunarteko norgehiagoka Tarbes hirian (Frantzian) Albi izeneko taldearen aurka. Horren ostean, Euskal Herriko kopako finala jokatuko dute Zarautzen Athletic-en kontra eta Logroño taldearekin neurtuko dituzte indarrak Bergaran.

Denboraldiari irailaren 5 eta 6ko asteburuan ekingo diote emakumezkoen taldekoek. Fundacion Albacete taldea Zubietara etorriko da Realaren aurka jokatzera. Etxean ekingo diote sasoi berriari eta etxean amaituko dute ekainaren 12an, Sporting Club de Huelvaren kontra.