Igandeko krosean izena emateko azken egunak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 26a, 11:30
Gero eta gutxiago geratzen da Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XXI. edizioa jokatzeko. Igandeko lasterketan izena emateko aukera daukate oraindik herritarrek. Online egin daiteke, edo kultur etxeko kafetegian (1go solairua) bestela. Ostiralera arte egongo dira han, 17:00etatik 20:00etara.

Oraindik zabalik dago igandeko krosean izena emateko epea. Parte hartu gura duten lasterkari nagusi zein gaztetxoek kultur etxeko kafetegian egin dezakete tramite hori, ostiralera bitarte, 17:00etatik 20:00etara. Bazkide direnek 8 euro ordaindu beharko dituzte, eta 12 ez direnek. Gaztetxoek berriz, 5 euroren truke egin ahalko dute lasterka igandean. Online ere egin ahalko da, sailkapenak.com atarian. 

Dortsalak noiz jaso

Lasterketa bezperan, hilak 29, Michelingo frontoira joan beharko dute krosean parte hartuko duten lasterkariek dortsalen bila. Ordutegia honakoa da: 11:00etatik 14:00etara edota 17:00etatik 19:30era. Bestela, igandean bertan ere jaso ahalko dituzte, 9:00etatik 10:00etara. Eta azken orduan norbaitek apuntatu nahiko balu, igandean aipatutako ordutegian egin dezake, 20 euro ordainduta, nagusi zein gaztea izan.

Antolatzaileek gogorarazten dute dortsalak jasotzerakoan NAN, EHNA edo antzeko dokumenturen bat aurkeztea beharrezkoa dela.