Hiru puntu baino gehiago

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko urt. 15a, 18:23
Ligako bigarren itzulia hastearekin batera, lidertza sendotu du Javi Solchaga eta Ibai Etxaideren taldeak. Iragan larunbatean bigarren sailkatu Dunboa Eguzkirekin neurtu zituen indarrak atzo Ostadar SKTk. 2-0 irabazita, bost puntukoa da bien arteko aldea orain.

Hiru puntu baino gehiagokoa zen atzoko partidua Ostadar SKT eta Dunboa Eguzkirentzat, Ohorezko Jubenil mailako lehen bi sailkatuentzat. Ostadarrek irabazten bazuen, bigarren itzulia konfiantza betean hasi eta sailkapenean jarraitzaile daukan taldea bost puntura geratuko zen. Dunboa Eguzkik eskuratzen bazuen garaipena, ordea, ligako zelairik zailenean irabazi (Ostadarrek aurten Michelinen jokatutako partidu guztiak irabazi ditu) eta lidertza berreskuratuko zuen hainbat jardunaldiren ostean. Etxekoen zorionerako, lehenengo aukera gauzatu zen atzo arratsaldean Michelingo zelaian: 2-0 irabazi zuen Ostadar SKTk.

Partiduan zehar Dunboa Eguzki baino gehiago izan zen Ostadar SKT, baina lehenengo zati amaierara arte ez zuen nagusitasun hori islatu markagailuan. Jon Lopez de Lacallek penaltiz sartu zuen 1-0ekoa 44. minutuan. Emaitza horrekin erretiratu ziren aldageletara bi taldeak.

Bigarrenean Dunboak arriskatu behar zuen gehiago, bera ari baitzen galtzen, une horietan bera baitzegoen Ostadarrengantik bost puntura sailkapenean. Halere, etxekoek jarraitu zuten jokoaren jabe izaten eta abagune garbienak sortzen. 2-0ekoa sartu baino lehenago abisua eman zuen Jokin Otamendik, baina desbideratuegia izan zen haren errematea. Handik gutxira, bere ordez zelairatu zen Beñat Negredok sartu zuen lasaitasunaren gola, arerioen defentsaren hutsegite bat baliatuz. Atezainaren aurrera iristean ez zen kikildu aurrelari gaztea, eta sareetara bidali zuen baloia. 66. minutua zen. Hurrengo 25etan ez zuen apenas sufritu etxeko taldeak, lan defentsibo oso ona egin zuelako. 2-1ekoa baino, gainera, gertuago egon zen 3-0ekoa, Ostadar SKT bizkor ateratzen baitzen kontraerasora baloiak Dunboa Eguzkiko jokalarien bizkarrera bidaliz edota zelai erdian baloia bizkor ukituz eta hegaletara eramanez. Gorka Dominguez bikain sartu zen ezkerraldetik, eta haren erdiraketa ezin izan zuen gol bihurtu Jon Lopez de la Callek; errematea kanpora joan zen, atetik zentimetro eskas batzuetara.

Markagailua, beraz, ez zen gehiago mugitu: 2-0 irabazi zuen Ostadarrek, eta hiru puntu baino gehiago poltsikoratu. Biribila izan zen arratsaldea, baina ez erabat: Ostadarrek ezin izan zuen Dunboa Eguzkirekiko 'goal average' partikularra irabazterik izan (4-1 irabazi zuten irundarrek joanekoan; 2-0 Ostadarrek itzulikoan. Beraz, 4-3 guztira). Dena den, Javi Solchaga eta Ibai Etxaiderenek horrela jarraitzen badute, denboraldi amaieran ez dute horrelako kontuekin kezkatu beharko.

Michelinen, 27tik 27

Uneotan 40 puntu ditu Ostadarrek. Horietatik 27 Michelinen lortu ditu. Bederatzi partidu jokatu ditu etxean orain arte, eta guztiak irabazi ditu: hamasei gol sartu eta bi besterik ez ditu jaso. Kanpoan ere ez da batere gaizki ari: bost irabazi, bat berdindu eta bi galdu ditu. Guztira hamasei partidu jokatu ditu taldeak; 23 gol sartu eta hamar jaso ditu. Horietatik zortzi, bi partidutan: Dunboa Eguzkiren aurka 4-1 eta Mariñoren aurka 4-3 galdutakoetan. Gainontzeko hamalauetan, beraz, bi besterik ez ditu jaso. Defentsa lanetan ederki ari dira urdin-beltzak, eta kalitatea soberan daukate. Konbinazio horrek eraman ditu lider izatera sailkapenean.

Ostadar SKTren atzoko hamaikakoa: Iñigo Otaegi; Lander Iraola, Ibon Garcia, Asier Urruzola, Iñaki Navarro (Iker Herrera, 62. minutuan); Unai Iribar, Asier Hazas, Victor Masa (Borja Mellado, 65. minutuan); Jon Lopez de Lacalle (Pablo Rama, 81. minutuan), Jokin Otamendi (Beñat Negredo, 54. minutuan) eta Gorka Dominguez (Samu Ferreira, 75. minutuan).

Jardunaldiko beste emaitzak

Ohorezko Erregional maila: Mutriku FT 3-0 Ostadar SKT.

Emakumezkoen Lurralde maila: Ordizia 1-1 Ostadar SKT.

Erregionalen 1go maila (Kopa): Ostadar SKT 5-0 eta Euskalduna SD 1-3 Texas Lasartearra (60. minutuan bertan behera geratu zen norgehiagoka).

Jubenilen 1go maila (igoera fasea): Ostadar SKT 3-0 Martutene KE.

Kadeteen Ohorezko maila: Lengokoak 1-3 Ostadar SKT.

Kadeteen 1go maila: Ostadar SKT 1-1 Danena KE.