Herriarteko txapelketa hasiko du gaur Lasarte-Oriak

jon-altuna-egitegi 2015ko mai. 22a, 13:54
Iluntzean ekingo dio Lasarte-Oriak herriarteko txapelketari. Zizurkilen aurka jokatuko du final-zortzirenetako joaneko kanporaketa, arratsaldeko 20:00etatik aurrera Intxaur frontoian. Talde gaztea dute, eta zaila izango da iazko balentria berdintzea.

Maiatzaren 10eko asteburuan hasi zen ofizialki Gipuzkoako Herriarteko txapelketa. Hiru modalitate bildu ditu aurtengo txapelketak. Eskuz 22 herrik hartuko dute parte, zortzik palan eta hiruk zesta-puntan. 

Lasarteoriatarrek eskuzkoan soilik hartuko dute parte. Kadete mailan, Julen Urruzolak eta Alex Etxeberriak jokatuko dute. Jubenil mailan Jagoba Mendizabalek eta Eneko Sarasolak. Senior mailan, azkenik, Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak. Ordezkoen aulkitxoan berriz, Axier Arteaga, Aritz Urkia eta Xabi Arteaga eseriko dira.

“Kanporaketa zail dago, talde oso gaztea dugulako eta kadete eta jubeniletan lehen urteko pilotariak ditugulako. Hori bai, seniorretan bikote txukuna daukagu eta lan ona eginez gero, maila nagusian ez da horren erraza izango guri irabaztea”, dio Jose Felix Solano Intzako prestatzaileak.

Dena den, iazko balentria berdintzea garesti dago. Batetik, zizurkildarren hiru bikoteak fidagarriak eta maila onekoak direlako eta bestetik, iaz finalaurrekoetaraino iritsi zirelako lasarteoriatarrak, Donostiaren aurka jokatuz. Herritarrek Atanon 2-1 aurrea hartu bazuten ere, ekainaren 29an San Pedro egunez Michelinen jokatutako itzulerakoan 1-2 galdu zuten. Kontrako tanteoak kondenatu  zituen herritarrak. Finalean Oiartzun garaituta txapeldun izan ziren gerora donostiarrak. 

Aurten egoera bestelakoa da, belaunaldi aldaketa izan du Lasarte-Oriako taldeak eta helburua ahalik eta lan txukunena egitea izango da, bestelako helbururik jarri gabe. 

Gainontzeko txapelketak
Bestalde, Udaberri txapelketan, bi partidu jokatu ziren joan den astean Michelingo pilotalekuan. Intzako Solanok 22-5 menderatu zuen Gaztelekuko Etxeberria lau t´erdian eta Jon Pello Artetxeren aurkaria, Antiguako Iribar, ez zen kantxara azaldu. Ondorioz, 22-0 irabazi zuen herritarrak. Artetxe kanporaketa fasera pasako da ligaxkan bigarren eginda. Solanok, lesioak tarteko, ez du pasatzerik izan hirugarren sailkatuta.

Azkenik, Axier Arteagak eta Gorrotxategi hernaniarrak Bergarako Torneo entzutetsuko finala jokatuko dute astelehenean, Dario errioxarra eta Perez arabarraren aurka. Afizionatu mailan joka daitekeen partidarik handienetakoa da.