XXVII. Squash Txapelketa soziala

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 31a, 12:45
Lasarte-Oriako Kirolen Udal Zerbitzuak hogeita zazpigarren Squash txapelketa soziala antolatu du. Txapelketa apirilaren 7an hasiko da eta ekainera arte garatuko da. Bertan izango da Kinin Calvo iazko txapelduna, beste hamalau squash jokalarirekin batera txapela janzteko borrokan.

Hamabost jokalarik hartuko dute parte 2015eko Lasarte-Oriako Squash Txapelketan, bi taldetan banatuta. Txapelketak hiru fase izango ditu, ekainera bitartean.

Lehenengo fasea ligaxka-sistemaren bidez jokatuko da, itzuli bakarrean. Talde bakoitzeko lehenengo hirurak sailkatuko dira txapeldunen fasea jokatzeko.

Dena den, txapeldunen fasea jokatu ahal izateko lehenengo faseko partida guztiak jokatu beharko dira.

A ligaxkan parte-hartuko dutenak Kinin Calvo iazko irabazlea, Javier Serrano, Imanol Olaizola, Aitor Tejero, J. Joaquín Peña, Oswal Cañedo, Eneko Gartziandia eta Juanjo Martin. B ligaxkan Iker Cañedo iazko azpitxapelduna, Iñaki García, Julen Urruzola, Xabi Amiano, Gorka Lara, Roger Hidalgo eta Dani Dávila.

Txapeldunen fasea
Sailkatu diren sei jokalariek bigarren fasea ere ligaxka bidez jokatuko dute. Ligaxkako lehenengo biek finala jokatuko dute eta hirugarrenak eta laugarrenak kontsolazioko finalean lehiatuko dute brontzea.

Bestalde, txapeldunen faserako sailkatzen ez diren gainontzeko parte-hartzaile guztiek kontsolazioa jokatuko dute kanporaketa-sistemaren bidez.

Tanteoaren arauak
Partiduak 5 jokotan onenak irabaziko ditu. Joko bakoitza 15 tantokoa izango da.

Ordutegiari dagokionez, partiduak astelehenetik ostiralera bitartean jokatuko dira, 18:00etatik 20:00etara bitartean (hiru partida jokatzen diren egunetan 21.00ak arte).

Partidaren bat jarritako egun eta orduan jokatzerik ez badago, tartean dauden jokalariak ados jarri beharko dira astebeteko epean jokatzeko. Aurrekoa betetzen ez bada, atzerapena eragin duenari partida galdutzat emango zaio.

Partida batentzat egutegian jarritako orduaren aurretik bakarrik egin ahal izango da doako ordu aldaketa pistaren erreserban. Jokalari bakoitzak, gehienez, hiru ordu-aldaketa egin ahal izango ditu pistaren erreserban.

Arrazoia edozein dela, jokalariren batek txapelketa utziz gero, erretiratuta edo lesionatuta, jokatu dituen partiden emaitzak baliogabetzat joko dira.

Txapelketaren egutegia ez da aldatua izango lesioengatik.