Hainbat marka pertsonal hautsi dituzte Buruntzaldea IKTko igerilariek Ordizian

Txintxarri Aldizkaria 2015ko aza. 24a, 13:48
Neguko Ligako 2. jardunaldia jokatu zuten herriko taldeko igerilari infantil, junior eta absolutuek Ordiziako Majori kiroldegian, larunbatean. Ezin hobea izan da jardunaldiaren balantzea: Taldeko absolutu mailako bi errekor eta 21 marka pertsonal berri ezarri dituzte igerilariek.

Infantil kategorian 10 igerilarik hartu zuten parte larunbateko jardunaldian. Horietako batzuek 400 estiloetako proban hartu zuten parte eta marka pertsonal berriak ezarri zituzten: 6’04’’67koa Irati Arzalluzek, 5’45’’37koa Beñat Alkortak eta 5’42’’79koa Jon Ibargoyenek. Gutxigatik ez zituzten haiek denbora onenak hobetu Nora Irazustak, Nahia Jie Villamedianak eta Leire Carcedok.

Gainontzeko infantilek beste proba batzuk burutzea erabaki zuten, 400 estiloak egiteko zailtasunak izan zitzaketelakoan. Gauzak horrela, 100 estiloetan eta 50 edo 200 libreetan egin zuten igerian, maila txukuna emanez eta hainbat marka hobetuz. Taldeka ere ederki aritu ziren Buruntzaldea IKTko infantilak, 4x100 erreleboetan.

Absolutuak, bikain

Junior mailan, Janire Berasartek eta Unai Irigorasek marka pertsonalak ezarri zituzten 400 estilo eta 50 tximeletan, eta Daniel Herranzek ere bai 50 libreetan. Dena den, Ordizian izan ziren lau igerilari absolutuek erakutsi zituzten hobekuntza-zantzu argienak.

Mikel Esnalek primerako igerialdia burutu zuen 50 libreetan; oso gertu geratu zen haren marka onenetik. Arantzatxoa 100 estiloetan atera zuen, horretan lortu baitzuen denbora hobetzea: 1’02’’40an geratu zuen kronometroa.

400 estiloetako proban zentratu ziren Iñigo Ibarburu, Itsaso Tolosa eta Haitz Mitxelena. Ibarburuk marka pertsonala hobetu ez ezik, taldeko absolutu mailako errekor berria ezarri zuen distantzia horretan, 4’54’’22ko denbora eginez. Itsaso Tolosak ere emaitza berak lortu zituen emakumeen kategorian: marka pertsonala eta taldeko absolutu mailako errekorra, 5’32’’54an geratuz kronometroa. Mitxelenak ez zuen denbora hobetzerik izan, baina maila txukuna eman zuen.

Ibarburu Gijonen

Gijonen jokatuko den Espainiako absolutu mailako Neguko Txapelketan hartuko du parte Iñigo Ibarburuk asteburu honetan. Borja Apeztegia entrenatzaileak adierazi du igerilariak ez dituela “zehazki prestatu” asteburuan jokatuko dituen probak (100 librea eta 50, 100 eta 200 tximeleta) eta ikusi nahi duela Ibarburu zer moduz moldatzen den distantzia horietan.