Gipuzkoako Txapelketara sailkatu dira LOKEko zenbait gimnasta

martin-vicioso 2017ko mar. 30a, 13:32
LOKEko gimnastek hitzordu berezia eduki zuten pasa den larunbatean Ibarrako Udal Kiroldegian. Denek sailkatzea lortu ez bazuten ere, balorazio positiboa egin du ataleko arduradun den Maite Ruedak

Maiatzaren 20an jokatuko da gimnastika errtimikoko Gipuzkoako Txapelketa Eibarren. LOKEko zenbait talde eta kidek sailkatzea lortu zuten Ibarran lehiatutako Amateur Fasean.

Arduradun eta entrenatzaile Maite Ruedak adierazi duenez, "pozik" dira asteburuko emaitzekin. "Ia denek lortu dute sailkapena, eta kontuan hartu behar da maila handia dagoela eta gure gimnasta batzuek denboraz larri ibiltzen direla behar bezala entrenatzeko".

Zailtasunei aurre eginez 

Kadete B taldea "urduri" atera zela nabarmendu du Ruedak eta, horregatik, ezin izan zuten bere mailarik onena eman. Zailtasunak zailtasun, sailkatzea lortu zuten eta Gipuzkoako Txapelketara begira akatsak zuzentzeko tartea edukiko dute.

Senior A taldeak "lan ona" egin zuen, nahiz eta hauek ere "urduri xamar" atera ziren pistara. "Kategorian maila handia dago, eta bazekiten bere onena eman behar zutela", dio Ruedak. Eskuratutako laugarren postuari esker Eibarren jokatuko den lehiaketan izango dira.

Bakarkako lanean hirugarren postua lortu zuen senior B mailako Alazne Gonzalezek, eta lehenengoa senior A-ko Aizpea Arroyok. Beraz, Gipuzkoako finalerako txartela eskuratu dute.

Garazi Gomezek eta Ainara Apeztegiak ez zuten zorte handirik izan eta kanpoan geratu dira. Ruedak adierazi duenez, "ikasketak direla eta, entrenatzeko duten tarte txikia kontuan hartuta, lan ona egin dute".

Eskola artekoak, igandean 

Igande honetan, infantil mailako gimnasten txanda etorriko da. Ibarran lehiatuko dira eskola arteko txapelketan LOKE-Landaberri eta LOKE-Sasoeta taldeak. Bakarka, berriz, Alexia Barquinek hartuko du parte uztailarekin. "Itxaropentsu" dira Gipuzkoako finalera iritsi ahal izateko. Aurreko txapelketetan erakutsitako "maila onari jarraipena" ematea nahi du Ruedak.