Gipuzkoako 1go mailako seniorrak, finalerdietara

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 27a, 12:30
Lehengo urtean igotzea lortu eta gero, Intza KEko pilotariek beste balentria bat egin dute, Gipuzkoako 1go mailako finalerdiak jokatzeko sailkatuz. Jardunaldi bat falta da ligaxka bukatzeko, baina bigarren postua bermatuta dute honezkero. Oreretako EPLE taldearen aurka jokatuko dute, datorren astean, Agustina Otaola pilotalekuan.

Gipuzkoako 1go mailako bi multzoetako ligaxkak asteburu honetan bukatuko dira. Oraindik zehazteke daude zenbait kontu, baina Intza KEko pilotariak lasai daude, etxeko lanak eginda dituztelako honezkero. Eta nota ezin hobearekin, gainera: iaz igo ziren mailaz, eta aurten, mantentzeaz gain, finalerdiak jokatzeko sailkatu dira, lau norgehiagoka irabazi eta bi galduta. 

Asteburuan edozer gertatuta ere, lehen multzoko bigarren postua bermatuta daukate herritarrek. Lazkaoko Lapke izango da lehenengo sailkatua: bost partidu jokatu eta beste hainbeste irabazi ditu, eta hamar puntu bildu. Intzak ere hamar puntu ditu, baina partidu bat gehiago jokatuta. Beraz, Lazkaokoek, irabazi edo galdu (bi puntu edo bat irabaziko lukete, hurrenez hurren), lidertzan bukatuko dute ligaxka. Eta, esan bezala, Intza izango da bigarren sailkatua. Hori ere bermatuta dago matematikoki: Bergara da hamar puntu pilatu ditzakeen talde bakarra, baina Azkoitiari irabazita ere, ez lieke bigarren postua kenduko herritarrei, Lasarte-Orian jokatutako neurketan 22-4 nagusitu zirelako herritarrak.

Oreretako EPLErekin neurtuko dituzte indarrak Artetxe eta Elolak, datorren astean. Norgehiagoka bakarrera erabakiko da finalera nor sailkatuko den. Agustina Otaola pilotalekuan (Orereta) jokatuko dute bi taldeek.

Bestalde, 3. mailako seniorrek bolada txarra etetea lortu zuten, Oreretako EPLEri 19-22 irabazita. Haritz Urkia eta Aritz Solanok ligaxkan irabazi duten bigarren neurketa izan zen aipatutako hori.

Arteaga II.aren porrota

Promozioko lau t'erdiko txapelketan murgilduta jarraitzen du Arteaga II.ak. Igandean multzoko bigarren neurketa jokatu zuen Andoni Ugalderen aurka. Hasiera paretsua izan zen, baina tantoak aurrera joan ahala Ugaldek gero eta alde handiagoa ireki zuen markagailuan, eta ez zion garaipenari ihes egiten utzi. Azkenean, 11-22 irabazi zuen oiartzuarrak.

Elordiren aurka jokatuko duen partidua izango da multzoko azkena. Donostiako Atano III.a pilotalekuan ariko da, igandean, 17:00etatik aurrera. Herritarrak ezin izango du finalerdietara sailkatu, jokatutako bi partiduak galdu baititu. 

Teknifikazio saioak Michelinen

Eskuko teknifikazio proiektuan 80 pilotari ari dira parte hartzen aurten. Horietatik 41 infantilak dira eta 39 kadeteak. 20 gazte Gipuzkoa mailan ari diran, eta beste 60ak eskualde mailan. Bidasoa, Oarso eta Buruntzan 15 pilotari ari dira saio horiek jasotzen. Eskualde horietako gazteek eta eurei erakusten ari diren pilotariek Michelingo frontoian entrenatuko dute gaur, Andoni Ugalde pilotari profesional oiartzuarraren gidaritzapean. Kadeteak 16:30ean hasiko dira, infantilak 18:00etan eta infantilen bigarren taldea 19:00etan. Hautatutako pilotariak Gazteleku, Eple, Añorga eta Hernani taldeetakoak dira.