Gero eta gehiago dira

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko ira. 30a, 12:30
Gero eta herritar gehiagok jokatzen dute saskibaloian herrian. Bost talde edukitzetik sei ateratzera pasa da Ostadar SKT, gazteentzako eskola antolatzeaz gain. Denboraldi berriari ilusioz ekin diote denek; talde batzuk asteburu honetan hasiko dira konpetitzen.

Denboraldiak joan eta etorri, Ostadar SKTren saskibaloi atalak beti dakartza berrikuntzak, kirol horrekiko zaletasuna gero eta handiagoa den seinale. Aurtengo sasoian sei talde federatu atera dituzte, eta gaztetxoentzako eskola antolatu ere bai.

Taldeak hauek dira: Senior Probintzialeko 1go mailako emakumezkoak –talde berria da–, Senior Probintzialeko 3. mailako gizonezkoak, Errendimendu Juniorreko emakumezko bi talde –A1 ligan ari da bat; bestea, A2n–, Errendimendu Kadete kategorian bat eta Partizipazio Kadetean bestea. Bi horiek emakumezkoenak dira baita ere.

Saskibaloi atalaren arduradun Endika Marrahik nabarmentzen du “formazioko lau taldeetatik hiru” Errendimendu mailan ariko direla aurten: “Goraipatzekoa da”.

Sei izango dira taldeak, eta beste hainbeste entrenatzaileak: Ander Otaegi eta Beñat Eleicegui emakumezkoen seniorra eta Errendimendu Juniorrarekin –A1 ligakoa– ari dira lanean. Jose Luis Alonsok senior gizonezkoa hartu du; Iraitz Rodriguez eta Gaizka Urreiztik A2 ligako Errendimendu Juniorra prestatuko dute, eta kadete mailako bi taldeak Endika Marrahiren esku daude. 

Konpetizioan murgilduta, edo hastear

Sei taldeetako bik bi jardunaldi daramatzate honezkero. A1 ligako Errendimenduko Juniorrek galdu egin zuten iragan larunbatean, Zast Orio taldearen kantxan, 41-32. Garaipen eta porrot bana erdietsi dituzte orain arte. Kadete Errendimenduko taldeak, berriz, bi partida jokatu eta biak galdu ditu. Kategoriari neurria hartu nahian dabiltza Marrahik zuzendutako jokalariak.

Asteburu honetan jarriko dira martxan beste hiru talde: Senior emakumezkoek Atletico San Sebastian taldea hartuko dute bihar, Kiroldegian, 16:00etan. Senior gizonezkoak ere etxean ariko dira, etzi, 11:00etan. A2 Errendimendu Junior taldea, berriz, Donostiara joango da bihar, Easorekin indarrak neurtzera. 18:00etan hasiko da partidua.

Eskolari dagokionez, orain arte 31 neska-mutil apuntatu dira. Izen-emate epea zabalik dago interesa dutenentzat, 100 euroren truke. Urriaren 5ean hasiko dira saioak, Michelingo kirol-gunean, 18:15etatik hasi eta 19:30era bitartean.