Gaur hasiko da XXXIV. Areto-Futbol Txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ira. 23a, 13:00
Iaz bezala, hamahiru taldek eman dute izena herriko areto-futbol txapelketan aritzeko. Ligaxka jokatuko dute aurrena, joan eta etorri; ondoren, zortzi talde onenek ikurrina irabazteko kanporaketak jokatuko dituzte, eta kontsolazio-fasea gainontzeko bostek. Baloia gaur hasiko da mugitzen.

Reformas Lagunak eta Also taldeek jokatuko dute aurtengo herriko areto-futbol txapelketako lehenengo norgehiagoka, Michelingo kirol-guneko areto-futbol kantxan, 19:45etik aurrera. Ordubete beranduago, Ibaros Latino (aurten ariko dira aurrenekoz txapelketan) eta Kebab Taberna (aurreko urteetan, Txindoki) ariko dira aurrez aurre.

Larunbaterako, beste lau norgehiagoka daude aurreikusita. Goiztiarrenak Aita Mari Taberna (aurreko urteetan, El Punto) eta Viña del Mar izango dira; 9:30ean hasiko da neurketa. 10:30ean, Urdaneta Hortz Klinikak Ilargi Tabernarekin neurtuko ditu indarrak; 11:30ean, Kattagorri Insausti eta Trumoik jokatuko dute; eta, azkenik, Indaux eta Txokoren arteko partiduak itxiko du lehenengo jardunaldia. Izkiña Taberna (iazko txapelduna) da hamahirugarren taldea; aste honetan atseden hartuko du.