Gari Arteaga eta Joseba Izagirre herriko mus txapeldunak, Korrika girotzeko lehiaketan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 21a, 20:28
Guztira 14 bikotek eman zuten izena Korrika kulturalaren baitako mus txapelketan. Gari Arteaga eta Joseba Izagirre izan ziren herriko txapela jantzi zutenak, Kris Alvarez eta Naroa Urbieta finalean garaituta. Avenida tabernan jokatu zen AEKk antolatutako txapelketa, ostiral gauean.

Datorren larunbatean, otsailaren 28an, Astigarragako Zipotza Elkartean Gipuzkoako finala jokatzeko aukera izango dute. Ez da Arteaga eta Izagirrek eskuratutako sari bakarra izango, Riojanos erretegian ere afaria irabazi baitute Lasarte-Oriako txapeldunek.

Badator Korrika
Hilabete eskas falta da 19. Korrika Lasarte-Oriara irits dadin. Aurrez, herriko korrikaren aurkezpena martxoaren 13an egingo da Manuel Lekuonan. Txalapartariak, desfilea, batukada, bertsoak, dortsal banaketa etab. egingo dira. Gau horretan bertan zinea eta bertso-korrika ere izango dituzte herritarrek gozagarri. Martxoaren 18an Korrika Txikia ospatuko da herriko ikastetxeekin eta martxoaren 22an, eguerdian, pasako da Korrikaren 19. edizioa Lasarte-Oriatik. 

Bestalde, asteazkenean Korrikaren materiala merkatuan jarriko dute salgai AEK-ko lagunek. Eguraldi ona egiten badu, Brigiden komentuaren pareko postu batean kokatuko dira kamisetak eta jertseak saltzeko.