Euskal Herrikoetan txukun Buruntzaldea IKTko kideak

martin-vicioso 2017ko mar. 2a, 12:00
Emaitza onak lortu dituzte Buruntzaldea IKTko igerilariek pasa den asteburuan jokatutako Euskal Herriko Neguko Txapelketetan. Domina eta Espainiako Txapelketa lehiatu ahal izateko gutxieneko marka ugari lortu zituzten

Gipuzkoako Neguko Txapelketetan sekulako maila eman ostean, Buruntzaldea IKTko igerilariek jarraipena eman zioten orain arteko lanari. Pasa den asteburuan, infantilek Euskal Herriko Txapelketa jokatu zuten Irungo Azken Portu igerilekuan, eta jubenilek konpetizio bera lehiatu zuten Iruñeko Amaya Hirian. Bestalde, leku berean, Nahia Zudairek Igeriketa Egokitukoan hartu zuen parte.

Emaitza onak lortu zituzten denek. Dominak eta marka berriak ezarriz batzuk, eta haien marka onenetatik gertu aritzen besteak.

Ohiko mailari eutsiz

Infantil mailako igerilariek, berriro ere, lehiaketa txukuna egin zuten. Hiru urrezko domina eskuratu zituen Leire Martinek, 400 libre 200 bular eta 800 libre frogetan. Horietan guztietan, Espainiako Neguko Txapelketerako gutxieneko denborak gainditu ditu, norberaren eta taldearen aurreko markak gaindituz. 

Ainhoa Martinek beste bi domina etxeratu zituen: urrea 200 bizkarreko lasterketan, eta zilarra 400 estiloetan. Nora Qian Villamedianak brontzea lortu zuen 100 bizkar frogan, beste froga batzuetan bere marka pertsonala hobetzeaz gain.

Paula Sevillano ondoezik aurkitu zen, eta ezin izan zuen Txapelketan parte hartu.

Mutilek ere maila ona erakutsi zuten Irunen. Lander Sorozabalek eta Xabier Alonsok marka pertsonalak hobetzea lortu zuten.

Junior eta absolutuak

Azken orduko bajak direla eta, ezin izan zuen ohiko taldea eraman Buruntzaldea IKT-k junior eta absolutuen Txapelketara. Mikel Esnal, Jon Ibargoyen eta Itsaso Tolosa lehiatu ziren Iruñean.

Ibargoyenek 100 libreetako bere marka hobetu zuen 4 segundutan, 1:00,89ko denbora eginez.

Podiumetik gertu gelditu zen Itsaso Tolosa 200 bizkar frogan,  eta 50 metro bizkarreko lasterketan ere maila ona eman zuen. Plaka elektronikoa ez zuen zuzenean ukitu, eta ehuneko batzuk galdu zituen horretan. Hala eta guztiz ere, urteko markarik onena egitea lortu zuen. Mikel Esnalek ere aurtengo denborarik onena egin zuen 50 tximeleta frogan.

Euskal Herriko Txapeldun geratu zen berriro ere Nahia Zudaire igeriketa egokituko Txapelketan Iruñeko Amaya Hiria igerilekuan. Parte hartu zuen lau frogetan garaile atera zen, aurretik ezarrita zituen marka pertsonalak hautsiz.