Espainiako txapelketa irabazi du Eneritz Bustok, 100 metro hesietan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 2a, 13:06
Joan den asteburua arrakastatsua izan da herriko hainbat kirolarirentzat. Horien artean dago Eneritz Busto LOKEko atleta gaztea. Ciudad Realeko jubenilen aire libreko txapelketara joan zen lehiatzera Idoia Olasagasti taldekidearekin batera, eta podiumeko maila gorenera igo zen 100 metro hesietan, 14 segundo eta 18 ehunekoko marka eginez.

Hori ez zen izan ordea Bustok txapelketan zehar egindako marka onena, finalerdietako seriean 13,99 segundotan geratu baitzuen kronometroa, uztailaren 15etik 19ra Calin (Kolonbia) ospatuko den Munduko txapelketarako txartela eskuratuz. AFNE Atletismo Federazioen Nazioarteko Elkarteak 14,05 segundotan dauka jarrita Calira joateko gutxienekoa, eta sei ehunekogatik gainditu zuen Bustok marka hori.

Aire librean bakarrik ez, pista estalian ere irabazi zuen Bustok Espainiako txapelketa, martxoan. Denboraldi bikaina egiten ari da herriko atleta gaztea.

Bien bitartean, Idoia Olasagastik 200 metro libreetan egin zuen lasterka eta txukun aritu zen, semifinaletara iritsiz eta sailkapen orokorrean 16. geratuz. 26 segundo eta 47 ehuneko marka izan zen txapelketan zehar egin zuen onena.